Datorren asteko estreinaldiak

Donostiatik Cannesera doan bidea

'Gisaengchung' saritua da Bong Joon-horen filmografia apartaren azken alea. Komedia beltz bat da filma

Bi familien harremanari buruzko filma da Hego Koreako Gisaengchung. BERRIA.
Gontzal Agote.
2019ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Beste garai batzuk ziren, kronologikoki ez horren urrutikoak, baina, alderdi askotatik, mendeak pasatu direla ematen du: munduko zuzendaririk inportanteenetakoa izan aurretik, Donostiako Zinemaldiari estuki lotuta izan zen Bong Joon-horen ibilbide zinematografikoa.

Zinemaldia izan zen ateak ireki zizkionetako bat, bertan ezagutarazi zituzten zinemagile ezinbesteko horren lehen lanak. Urrutiko garaiak, behialako loriak; gaur egunetik begiratuta, ordea, zaila dirudi gisakorik errepikatzeak.

Formatu luzean, miliurtearekin batera hasi zen hegokorearra. Flandersui gae komedia beltzarekin Donostiako sail ofizialean lehiatu zen; eta, batere saririk jaso ez arren, atentzioa eman zuen zuzendari ezezagunaren lehen filmak. Horretan, Joon-horen filmografia izanen ziren ezaugarrietako batzuk agertzen ziren jada: umore berezia, kezka soziala, genero nahasketa...

Hiru urte geroago, berrespena etorri zen. Zinemaldian Salini chueok aurkeztu zuen, azken urteotan egin den thrillerrik txundigarrienetakoa. Ikerketa polizial bat aitzakia hartuta, zinemagileak bere herrialdearen gaineko begirada garratza eskaini zuen, istorio berean indarkeria eta samurtasuna maisuki uztartuz.

Genero nahasketa

Donostiako sari banaketaren loterian, Joon-hori zuzendari onenarena egokitu zitzaion. Merezi arren, film onenarena ez zuen lortu, ahanzturaren basamortuan gelditu den Schussangst film alemanak merezi zuela erabaki baitzuen epaimahaiak.

Sariak sari, bigarren film horrek nazioarteko ateak ireki zizkion zuzendariari; hortik aurrera ez zen berriro Donostiako sail ofizialera itzuli; azken aldiotan, beste zinemaldietatik ekarritako Perlak saila izan da bere tokia.

Salini chueok-ekin lortutako arrakastak ez zuen itsutu Joon-ho, eta, bide beretik segitu beharrean, ezusteko bat eman zuen hirugarren filmarekin, Gwoemul-ekin. Genero fantastikoko filma zen, Seulen agertzen den munstro erraldoi baten gaineko istorioa. Filmak egundoko arrakasta izan zuen bere sorterrian, historian gehien ikusitako filma izateraino.

2009an, Madeo thriller sailkaezinarekin itzuli zen, eta berriro ere aldeko kritikak ia ahobatezkoak izan ziren. Hainbat sari lortzeaz gain, film hori izan zen denbora luzean zuzendariak Hego Korean eginen zuen azkena.

Izan ere, hurrena AEBetan egindako ekoizpen bat izan zen: Snowpiercer apokaliptikoa, izen bereko komikian oinarrituta zegoena. Bertan, hainbat aktore ezagunekin egin zuen lan: Chris Evans, Tilda Swinton, Ed Harris, John Hurt...

2017ko Okja-rekin, polemika iritsi zen. Afera da Netflixek ekoitzi zuela filma, eta Cannesko zinemaldiko sail ofizialerako hautatua izan zela. Erabaki horren kontrako protesta ugari izan ziren, eta emanaldian txistuekin hartu zuten Joon-horen lana. Polemikak eta plataformaren banaketa sistemak itzal egin zioten zuzendariaren seigarren lan luzeari.

Nolanahi ere, aurten Cannesekin adiskidetzeko aukera izan du zinemagileak. Hego Koreara itzuli, eta Gisaengchung komedia beltza aurkeztu zuen sail ofizialean; eta kritikaren partetik erabateko aldekotasuna lortzeaz gain, Urrezko Palma eskuratu zuen.

'GISAENGCHUNG'

Zuzendaria. Bong Joon-ho.

Aktoreak. Song Kang-ho, Lee Seon-gyun, Jang Hye-jin, Cho Yoe-jeong, Choi Woo-sik.

Herrialdea. Hego Korea.

Urtea. 2019. Iraupena. 132 minutu.

Generoa. Komedia beltza.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.