Datorren asteko estreinaldiak

Betiko misterioaren xarma

Agatha Christieren istorioen giroa berreskuratu nahi izan du Rian Johnson zuzendariak 'Knives Out' filmean. Pertsonaia asko daude filmean eta, beraz, aktore talde zabala

Daniel Craig aktoreak betetzen du detektibearen rola Rian johnson zuzendariaren filmean. BERRIA.
Gontzal Agote.
2019ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Beste askotan ez bezala, Knives Out filmak ez du batere erreparorik bere inspirazio iturria zein den aitortzeko: misterio istorio klasikoak, eta horien barruan, bereziki Agatha Christieren liburuak. Bestelako eraginak ere nabarmendu ditu Rian Johnson zuzendariak, hala nola Arthur Conan Doyleren eleberriak, edo Sidney Lumeten Deathtrap eta Robert Altmanen Gosford Park filmak.

Osagai horiekin, itxuraz molde klasikoa duen istorioa da Knives Out: Harlan Thrombey idazle ospetsuak familia osoa elkartu nahi du etxean, bere 85. urtebetetzea ospatzeko. Baina ospakizunaren biharamunean, Thrombey hilik agertuko da. Benoit Blanc izeneko inspektore xelebrea arduratuko da hilketa ikertzeaz. Pista faltsuak aurkituko ditu, baita familia trapu zikin ugari ere, baina zaila eginen zaio hiltzailea aurkitzea, neurri batean ala bestean, denak baitira susmagarriak.

Gisa honetako filmetan gertatu ohi den moduan, asko dira pertsonaiak eta, ondorioz, aktore talde zabal batek egin du lan. Christopher Plummer beteranoak jokatu du Thrombeyren rola; eta detektibearena, berriz, Daniel Craigek. Horiekin batera, beste aktore ezagun batzuek ere hartu dute parte Knives Out-en: Chris Evans, Jamie Lee Curtis, Don Johnson, Michael Shannon, Toni Collette...

Zuzendari eta gidoilari lanetan Rian Johnson aritu da, ibilbidelabur baina interesgarria duenzinemagile estatubatuarra. 2005ean egin zen ezagun bere lehenengo film luzearekin: Brick. Institutu batean girotutako film beltza zen hura, eta Joseph Gordon-Levitt aktorea zuen protagonista.

Izarretarako bidean

Baliabide gutxirekin egindako ekoizpena izan arren, Brick-ek oso harrera ona izan zuen urte horretako Sundanceko zinemaldian. Horrek banaketa zabalago baterako atea ireki zion, eta kultuko film bihurtu zen berehala. Era berean, zenbait sari eta izendapen garrantzitsu lortu zituen.

Brick-en harrerak aukera eman zion Johnsoni munta handiagoko proiektu bati heltzeko, baina baliabide gehiago izateak ez du beti ziurtatzen produktuaren kalitatea. Donostiako Zinemaldian izan zen The Brothers Bloom abenturazko filma, originaltasun handiegirik gabekoa. Hori bai, Johnsonek lehen mailako aktore ezagunekin lan egiteko aukera izan zuen: Rachel Weisz, Mark Ruffalo edota Adrien Brody.

2012an, bere hirugarren lanarekin, bide onera itzuli zen zuzendaria, zientzia fikzioa eta thrillerra uztartzen zituen Looper filmarekin. Berriro ere, Joseph Gordon-Levitt izan zuen protagonista denbora-bidaiak ardatz zituen film bikain horretan. Looper-ek harrera oso ona izan zuen, eta aukera eman zion Johnsoni zinemagile askoren ametsa errealitate bihurtzeko: Star Wars saileko film bat zuzentzea.

2017an Star Wars: The Last Jedi zuzendu zuen, frankiziaren enegarren istorioa. J. J. Abramsek egindakoak bezain kritika onak jaso ez bazituen ere, nonbait gauzak nahiko txukun egin zituen zuzendariak. Izan ere, Knives Out honekin bukatutakoan, Star Wars-en hurrengo filmari prestatzeari ekin zion.

'KNIVES OUT'

Zuzendaria. Rian Johnson.

Aktoreak. Daniel Craig, Chris Evans, Ana de Armas, Jamie Lee Curtis, Toni Collette, Don Johnson.

Herrialdea. AEB. Urtea. 2019.

Iraupena. 130 minutu.

Generoa. Akzioa.

Asteazkenean estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian, eta ostiralean, Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.