ATZEKOZ AURRERA

Badago non aukeratua

Nazioarteko turismoaren azoka egiten ari dira Barakaldoko BECen: Expovacaciones. Besteak beste, bidaiatzeko aukeren berri izateko abagunea dute bertaratzen direnek.

Zalantzak argitzeko baliatzen dute askok Expovacaciones. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Barakaldo
2019ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Badatoz. Gertu daude. Ia urte osoa ematen dute herritarrek errutinatik ihes egiteko opor egunak noiz iritsiko zain,eta iristeke daudenean zalantzaz betetzen dira norabait alde egiteko nahiak. Badira denborarekin ibilita maukak eskuratzen dituztenak, baina askok azken ordurako utzi ohi dute oporretan joateko tokia erabakitzea. Hain zuzen ere, oraindik zalantzati dauden horientzako aukeretako bat Expovacaciones nazioarteko turismo azoka da. Atzo hasi zen azokaren 38. aldia, Barakaldoko (Bizkaia) BEC erakustazokan; bihar arte, bertako eta atzerriko tokietako informazio turistikoa jasotzeko abagunea egongo da.

Eskaintza zabala dago 200 enpresak baino gehiagok jarritako erakusmahaietan. Iberiar Penintsulako lurraldeak dira nagusi azokan. Erkidego askok postu handi eta koloretsuak jarri dituzte. Eta, horietako batzuetan, beren lurraldeko edari eta jatekoak ere ematen dituzte. Andaluziakoan, esaterako, ilara luzeak egin dira urdaiazpikoa eta rebujito-a dastatzeko. Gero eta ohikoagoa da gastronomia amu gisa erabiltzea bisitariak erakartzeko.

Coruñakoan (Galizia), bestalde, sukaldaritza erakustaldiak egiten ari dira. Bertan, adi dago Sonia Franco bilbotarra. Tomate lehorren dastatzeaz gozatzen ari da. «Oso bitxia iruditu zait nola kozinatu duten». Erakustaldia bukatzean, tripa beteta, erakusmahaietan zehar ibiliko da, oporrak non igaro erabakitzeko. Azokako bisitari leiala da. «Urtero azoka baliatzen dut oporrak antolatzeko».

Zuzeneko informazioa

Erakusmahaien beste aldean, lekuan lekuko turismo bulegoetako langileak bisitarien zain daude. Hain zuzen ere, hori nabarmendu nahi izan du Alex Etayo bilbotarrak: «Oporretarako lekua saltzen dizun langilea bertakoa izateak autentikoagoa egiten du tratua». Bidaia agentziekin alderatu du azoka, eta halako ferietan harremana zuzenagoa dela iruditzen zaio. Emaztearekin eta umearekin joan da BECera. Oporretako helmuga erabakita dute, baina han egin daitezkeen ekintzez eta bisitatu daitezkeen tokien berri izatera joan dira. Aniztasun handia dago bisitariek azoka bisitatzeko duten arrazoien artean.

Gema Alvarez da erakusmahaiaren beste aldean dagoen langileetako bat. Avilesko (Asturias, Espainia) turismo bulegoko postuan dago, hain zuzen ere. «Asturiasko herrietan ezezagunena da Aviles, eta jendeak hiriaren kontzeptu okerra du». Hiri eta txoko ezagunez gain, itzalean daudenak erakusteko beharra azpimarratu du Alvarezek. Hori horrela, Avilesen «benetako edertasuna» ezagutarazi nahi die erakusmahaira gerturatzen direnei. Halaber, uste du halako azokak aukera ezin hobeak direla turistak beren lurraldeetara gerturatzeko .

Avilesen erara, ezezagunak dira Bartzelona probintziako barnealdea edo Portugalgo iparraldea ere, bertako turismo bulegoetako langileen arabera. Biek ala biek lurraldean bertan dute konpetentzia. Teresa Soler Bartzelonako turismo langileak azaldu duenez, Katalunian kostako hondartzak dira ezagunak. «Barnealdeko altxorrak, baina, ez ditu ia inork ezagutzen». Angela Mota portugaldarrak ere gauza bera esan du: «Lisboa da turisten helmugarik gogokoena, eta badirudi ez dagoela beste ezer». Joera hori aldatzeko, familientzat pentsatutako eta kultur turismoarekin lotutako eskaintzetan jarri dute indarra.

Helmuga urrunekoa ala gertukoa izan, ezaguna edo ezezaguna, bidaiatzeko gogoa duenak ez dauka aitzaikiarik. Sos batzuk baldin baditu, behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.