ATZEKOZ AURRERA

Betikoa ezagutzera

Bilbaodendak elkarteak Bilboko saltokiak ezagutzeko ibilbideak antolatzen ditu. Iraileko ostiraletan, adibidez, San Frantzisko auzoko dendak ezagut daitezke, estreinakoz.

Arrakastatsuak dira zentzumenen ibilbideak. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Bilbo
2019ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Gu gazteak ginenean auzo hau dendaz beteta zegoen; denetariko dendak ziren, eta behar zenuen guztia hemen aurkitzen genuen», esan du Carmen Arostegi erretiratuak. Javier Tesan senarrarekin dago Bilboko San Frantzisko auzoan, auzoko dendak ezagutzeko ibilbide antolatu bat noiz hasiko zain. Betidanik auzoaren bilakaeraren ikusle izan dira, eta nabarmendu dute «batik bat erakundeen erruz» denbora luzean utzita egon dela San Frantzisko. Bilbaodendak elkarteak eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean antolatzen duten HemenGO Shopping egitasmoak Bilboko auzoetako dendak bost zentzumenak erabiliz ezagutzea du helburu. Udan hasi ziren bisitak egiten, eta, arrakasta ikusita, luzatzea erabaki dute. San Frantzisko auzoan, irailean egin dituzte estreinakoz. Atzokoan, hamabost pertsona lotu ziren ibilbidera, gehienezko kopurua, eta auzoko hiru denda ezagutu zituzten.

Martzana kaiko taberna inguruan hasi dute ibilbidea, 18:00ak puntuan zirela. Eta, San Frantzisko kalean behera, Ciclos Ferro bizikleta denda izan da lehen geltokia. Juanlu dendariak eta haren txakurrak egin diete ongietorria. Bizikleta denda ezohikoa da Ciclos Ferro: aspaldiko bizikletak konpondu eta saltzen dituzte han. Dendara sartu eta gutxira, taldeko partaiderik gazteenak mugikorra atera du, Instagram sare sozialera argazki bat igotzeko asmoz. «Halako dendak gustatzen zaizkien lagunak ditut, eta gaur egun komunikazio biderik errazena eta erabiliena da hau», azaldu du Leire Uharte gazteak. Gurasoekin batera parte hartu du ibilbidean. «Badirudi jendeak Zazpikaleetatik hona erreka igarotzeko beldurra duela oraindik ere, baina hemen ere badago zer ikusi», gaineratu du.

Uhartek argazkia ateratzen duen aldi berean, dendariak informazio bide tradizionala — bisita txartela— banatu die gainontzeko partaideei, dendaren berri izan eta beraien inguruan zabal dezaten.

«Bizikleten erabilera goraka doala ikusi dugu, baina oraindik ere batik bat turistak dira bezerorik ohikoenak» aitortu du dendariak. Taldean bizikleta erabiltzailerik dagoen galdetuta, gutxik egin dute baiezko keinua. Maribel Fuentek zalantza bat argitu nahi izan du «Bizikleta bat daukat aspaldi erabili gabe; ekartzen badizut erabiltzeko prestatuko didazu?», galdetu dio dendariari. Baiezkoa erantzun dio, eta itzultzekotan gelditu da.

Bezero berriei zabalik

Bertako hornitzailekin lan egiten dute Ciclos Ferro dendan, baita Zapa 2 de Mayo zapata dendan ere. Hain zuzen, Martzanatik irten eta Bilborock igarota, taldea Maiatzaren 2ko kalean gora igo da, eta kalearen erdi aldera, saltokiaren aurrean, Izaskun Gisasola taldeko gidariak ohar hau egin die bigarren dendara sartu aurretik: «Sartu eta itxi begiak hamar segunduz, ea zer oroitzapen ekartzen dizkizuen». Bakoitzak beretzat gorde ditu burura etorritakoak. Neurrira egindako oinetako esklusiboak egiten dituzte bertan. «50 zenbakia duen zapata bat egiten ari gara oraintxe» esan du Josek, dendako arduradunak. Eta, jarraian, taldeko batek baino gehiagok bota du: «Baina zenbat balio dute?». Antonio Cadena zapata dendako langilearen esanetan, halako egitasmoak beharrezkoak dira saltoki txikiak bultzatzeko. «Nabari dugu bezeroen gorakada; bisita ostean etortzen da bat baino gehiago».

Auzoan barrena jarraitu du taldeak. Romaña janari denda izan dute azkena; usaimena eta dastamena jarri behar izan dituzte martxan. Aitzitik, kalean gora eta behera ibili ostean, mokadu batez gozatzeko aukera izan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.