ATZEKOZ AURRERA

Bisitariek bete dute hutsunea

Ondarearen Europako Jardunaldiak direla eta, doan ireki dute Oteiza museoa. Jadanik joan dira batzuk Jorge Oteiza eskultorearen lanak eta pentsamendua ezagutzera.

Agostina Horvath Oteiza museoan, atzo, ateak irekitzeko egunean. I. URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Altzuza
2020ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Leihora hurbiltzean, amildegi baten ertzean sentitu da, Iruñerri osoa begien aurrean duela.Euria ari du kanpoan, baina barnean goxo da. Gozatu du gelaz gela ibiliz, paretetako zuloetatik aurretik ikusitako aretoari berriz so eginez, gora eta behera korridore gorri misteriotsuetan barrena. Eguzkia sartu eta irten ari da kanpoan, eta horrek aldatzen du museoa, eta aldatzen ditu obrak. Goiko solairutik begira geratu da areto nagusiari. Basilika bat dirudi, tenplu bat. Ondarearen Europako Jardunaldiak direla eta, dohainik ireki ditu ateak Altzuzako (Nafarroa) Oteiza museoak, eta bisita egiteko aprobetxatu du Agostina Horvathek.

Isiltasun erabatekoa haren urrats herabeek baizik ez dute hausten. Harenak eta beste hiru bisitarirenak. Uda nahiko ongi joan bada ere, museoek bisitariak behar dituzte aurrerantzean ere. «Etortzen naizen lehen aldia da, eta arkitektura asko gustatu zait». Museoak berak harritu du Horvath. «Eskulturak eta zirriborroak ikustea ere bai, batzuk Iruñean ikusi baititut».

Maria Antonia Arboit du aldamenean. Iruñetik joan dira biak museora, baina Arboitek hirugarren aldia du han: «Ikusgarria da: maite dut museo hau. Identifikatu egiten naiz obra hauekin: zerbait adierazten didate. Eta maite dut Oteizaren alde espiritual hori». Harendako, museo bat baino gehiago da Altzuzakoa. «Bakean eta harmonian egoteko leku bat da hau, eta beti aurkitzen ditut gauza berriak. Hona sartzen denak eskultore, poeta eta zinemagilea ezagutzera sartu behar du».

Francisco Javier Saenz de Oiza arkitektoak diseinatu zuen museoa, eta Oteizari esan zion tenplu bat eraikiko ziola. Hala da, Elena Martin museoko kontserbadorearen arabera: «Beheko solairuko aretoa basilikaren modukoa litzateke, eta alboetan habearte bana du. Espiritualtasunaren eta transzendentziaren ideiara garamatza». Eraikinak Oteiza gogorarazten du, barruan duen obrarentzat egina baita.

Sartu bezain pronto, begiak Arantzazuko santutegiko sarreran diren apostoluen eskultura txikietara bideratu dituzte bisitariek. Haien parean daude Pietateak, eta azpian beste obra batzuk. Zortzi multzotan edo familia esperimentaletan banaturik dauden obrak banan-banan aztertu dituzte goitik behera eta ezker eskuin. Horrela, bidaia bat egin dute Oteizaren lan ibilbidean barrena. Hasierako obra figuratiboak eta materialen bilaketa, eta, gero, salto geometriara eta abstrakziora.

Oteiza agertu da

Denbora gehiago eskaini diote laborategi esperimentalari: beirateetan gordetako pieza txikietan ikusi dute Oteizaren lanaren bilakaera. Eta klarionak; haiei so luzaz egon daitezkeela pentsatu dute. Ikusi dute nola Oteiza saiatu zen espazio hutsa bakartzen, lehenbizi masa kenduz, gero hutsunea txapekin eraikiz. Aurrerago dituzte erliebeak, Sao Pauloko (Brasil) Biurtekoan jendea txunditurik utzi zuten obrak, esferen desokupazioak eta kutxa hutsak.

Azkenik iritsi dira Oteizaren obraren ondorioetara. Liburuek inguratzen dituzte kutxa metafisikoak, Oteizaren liburutegiak, alegia. Ezin bisita bukatu museoari itsatsita dagoen lantegi-etxean sartu gabe. «Hau ederra da», Horvathek. Oteiza lanean irudikatu dute, eta agertu zaie bat-batean, bideoan, solasean: «Eskultura joko bat da, espazioen eta bolumenen arteko nahasketa».

Sarrera libre izanen da gaur, bihar eta urriaren 2an, 3an eta 4an. Gaur, bisita gidatua izanen da, eta, urriaren 3an, familientzako tailer bat. Euskal Herri osoan eginen dira Ondarearen Europako Jardunaldiei loturiko saioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.