ATZEKOZ AURRERA

Zientzia inoiz baino gertuago

Gasteizko Udal Laborategiak ateak ireki dizkie lehen aldiz herritarrei. Bisitariek hurbiletik ikusi ahal izan dute, adibidez, ura, elikagaiak eta mikroorganismoak nola aztertzen dituzten.

Ikasleak Gasteizko Udal Laborategiko ate irekien jardunaldietan, atzo. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
iraia vieira gil
Gasteiz
2022ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Ur honen kloro kontzentrazioa 0,2koa da», zehaztu zuen Oscar Unzueta Gasteizko Udal Laborategiko lagin arduradunak. Txorrotetatik edateko ura hartu, hamar mililitroko hodi bat bete eta kolorimetroan aztertu ondoren atera zuen Unzuetak emaitza, eta adierazi zuen ez dagoela kezkatzeko arrazoirik: «Gasteizko ohiko neurria da».

Gasteizko Udal Laborategiak atzo ireki zizkien ateak lehen aldiz herritarrei, ate irekien jardunaldietan. Bisitariek laborategiaren nondik norakoak ezagutu ahal izan zituzten, eta bertako zientzialari, tekniko eta langileen egitekoak nolakoak diren ikusi. «Egunerokoan dena kontrolpean izatea da gure helburua», azaldu zuen Nerea Cabo jardunaldietako gidariak.

Zer da kontrolpean izan beharrekoa? «Elikagaiak», «ingurunea» eta «mikroorganismoak», gehienbat. Ikerketa arlo bakoitzak, gainera, zientzia fikziozko pelikuletan agertzen diren tresnaz beteriko laborategi bana du. Pipeta, lagin, neurgailu eta izen ahoskaezinak dituzten bestelako instrumentuek laborategi guztietako mahaiak estaltzen dituzte.

Indabak eta odolosteak

Elikagaien analisi fisiko-kimikorako laborategia da bisitaren lehenengo geltokia. «Janariak segurtasun araudia betetzen duela egiaztatzea da gure lana», argitu zuen Salome Ortiz de Landaluze bromatologiako zuzendari teknikoak. Jatekoek beren etiketaren ezaugarriak betetzen dituztela eta gehiegizko aditiborik ez dutela frogatzeko, elikagaiak homogeneizatu eta kodifikatu behar dituzte bertan. Hitz lauz esanda: janak birrindu eta aztertu.

Ortizek berak bertan egin zuen proba, eta, ondoren, birrindutako janaria zein zen usaintzera eta asmatzera gonbidatu zituen bisitariak —gehienak, ikasleak—. «Zer da?». «Zerealak!», erantzun zuen batek. «Inoiz jan ez dudan zerbait!», gehitu zuen besteak. Ortizek erantzuna esan zuenean, inork ez zion sinetsi: «Indabak? Nola izango dira indabak, ba?».

CSI Miami telesaileko laborategia zirudien hurrengoak. Makina batzuek askotariko laginetatik ateratako grafikoak bidaltzen dizkiete ordenagailuei.«Ez da botoi bati ematea bezain erraza: langile kualifikatuak behar ditugu», ohartarazi zien bisitariei Mikel Martinez ingurune analisirako laborategiko zuzendari teknikoak.

Ura eta hondakinak aztertzen dituzte batez ere. «Gardelegiko zabortegitik [Gasteiz] heltzen zaizkigu sarri laginak». Ikerketa lanak hasi aurretik, lortu nahi duten informazioaren arabera banatu behar dituzte likidoak. «Ur beltz honetatik [ontzi bat zuen Martinezek eskuetan] lagin horixka hau lortu dugu». Behar dituzten elementuak laginetan detektatzea da hurrengo pausoa.

Mikrobiologiako laborategia da hirugarrena. Elikagaietako mikroorganismoak aztertzea dute xede. Ez da erraza, Nuria Lopez mikrobiologiako zuzendari teknikoaren arabera. «Ezin ditugu laginak kutsatu, eta ezin gara gu haiekin kutsatu». Salmonella-eta ikertzen baitituzte maiz.

Londresko zenbait lagin dauzkate orain ikertzeko. «Europako laborategi guztietara bidali dituzte laginak, laborategi bakoitzaren gaitasun teknikoa neurtzeko». Joan den astean, berriz, odolosteak izan zituzten aztergai. «Odolosteek aukera asko eskaintzen dizkigute, kozinatu gabeko janariak baitira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.