Datorren asteko estreinaldiak
Fermin Muguruza transmedia da

Kontu jakina da Fermin Muguruza artista multidiziplinarra dela. Gehienbat musikari lanetan egin dituen proiektu ugariengatik ezaguna bada ere, kamutsa litzateke haren zeregina horretara mugatzea. Muguruzak aspaldian erakutsi baitzuen kulturaren arlo desberdinetan aritzeko gogo eta gaitasuna —zinemagintza, telebistarako dokumentalak, bideogintza, ekoizpena, komikigintza...—, kultura eragile sailkaezin bihurtzeraino.
Aurrera eraman dituen proiektu guztien artean, beharbada, Black is Beltza da izaera anitz hori hobekien islatzen duena: komiki jaiotzetik animazio pelikula izatera iritsi da proiektua, tartean bestelako molde batzuk hartuta: erakusketa, diskoa... Hori guztia Muguruzak ohikoa duen bertute handi bat bereganatuz, euskara eta Euskal Herritik munduari begira jartzea.
2014. urteko azaroan argitaratu zuten Black is Beltza komikia. Fermin Muguruza, Harkaitz Cano eta Dr. Aldereteren arteko elkarlanaren emaitza zen Manex Unanueren istorioa kontatzen zuen liburu dotorea, benetako gertaeretan oinarrituta zegoena. 1965. urtean, New Yorkeko Bosgarren Etorbide ezagunean desfilatu behar zuen Iruñeko erraldoien konpartsak. Hala ere, laster sortu zen arazoa, arrazagatiko bereizkeriagatik agintariek debekatu baitzuten erraldoi beltzak desfilean parte hartzea.
Hortik abiatuta, komikiak orduko giro sozial, kultural eta politikoan murgiltzeko aukera eskaintzen zuen: Black Panthers-en mugimendua, giro psikodelikoa, Kubako iraultza, Gerra Hotza, Andy Warholen faktoria, Francoren diktadura...
Erakusketa eta musika
Euskaraz gain, liburua hainbat hizkuntzatara itzuli zuten: katalanez, frantsesez, gaztelaniaz, japonieraz... Baina proiektua ez zen horretan gelditu, eta 2014tik haziz joan da. Batetik, horren gaineko erakusketa ikusi ahal izan da Bilbon, Bartzelonan eta Donostian —bihar arte dago zabalik—.
Harago joan, eta Black is Beltza animazio film bihurtu dute, Fermin Muguruzaren zuzendaritzapean. Harkaitz Cano eta Eduard Solarekin egindako gidoiaren gainean, komikian zegoen unibertsoa zinemako pantailetara ekarri nahi izan dute. Oraingoz, filma Torontoko zein Donostiako zinemaldietan izan da.
Animazio filma izanik, ez da aktorerik, baina artista ezagunek hartu dute parte pelikulan, pertsonaiei ahotsa emanez: besteak beste, Ramon Agirre, Unax Ugalde, Ander Lipus, Exprai, Isaach de Bankole, Jorge Perugorria, Willy Toledo eta Maria de Medeiros.
Pelikula estreinatzearekin batera, filmaren soinu banda aurkeztu zuten orain astebete, Muguruzak berak Raul Refreerekin egin duena. Hor entzuten ahal diren abestietan izen ezagunak ere badira: Anari, Iseo, Maika Makovski eta Manu Chao. Halaber, pelikularen gaineko liburu berria eman dute argitara.
'BLACK IS BELTZA'
Zuzendaria. Fermin Muguruza.
Herrialdea. Euskal Herria.
Urtea. 2018. Iraupena. 80 minutu.
Generoa. Animazioa.
Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.