Ustelkeria. 'De Miguel auzia'

'De Miguel auzian' 26 lagun inputatu ditu epaileak, gehienak EAJko kide ohiak

Besteak beste, dirua zuritzea, dokumentuak faltsutzea eta prebarikatzea egotzi die.Alfredo de Miguel komisioak jasotzen zituen «enpresa sare» bateko buru izan zela uste du

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2015eko martxoaren 11
00:00
Entzun
Araban izan diren ustezko ustelkeria kasuen instrukzio auzia amaitutzat jo, eta 26 pertsona inputatu ditu Roberto Ramos Gasteizko Instrukzio arloko 4. zenbakiko epaileak. De Miguel auzia deritzon sumarioan, EAJko hogei kargudun ohi inputatu ditu, horien artean, Alfredo de Miguel Araba Buru Batzarreko kide ohi eta Arabako Aldundiko Tokiko Administrazioetarako diputatu ohia, Aitor Telleria ABBko kide ohia, Koldo OtxandianoABBko kide ohi eta Arabako Ongizate Institutuko zuzendari izandakoa, Gurutz Larrañaga Jaurlaritzako Kultura sailburuorde ohia, eta Alfonso Arriola eta Juan Sanchez Alegria EAEko teknologia parkeen sareko buruzagi ohiak. Guztira, 11 delitu leporatu dizkie 26 auzipetuei: besteak beste, prebarikazioa, eroskeria, dirua zuritzea, funts publikoak bidegabe erabiltzea, konkurtso publikoetan prezioak eraldatzea eta agiri publikoak faltsutzea. Aldeek hogei eguneko epea dute orain helegitea aurkezteko, eta, ostean, ahozko epaiketa ireki ala ez erabakiko da.

Arabako ustezko ustelkeria sarea ezagutu zenetik bost urte bete direnean kaleratu du Ramos epaileak De Miguel auziari buruzko 183 orriko autoa. Bertan ondoriozta daitekeenez, Alfredo de Miguel da auziaren inputatu nagusia —Arabako Tokiko Administrazioko diputatua izan zen 2007tik 2010 arte, atxilotu zuten arte—. Izan ere, EAJko burukide ohia legez kanpoko komisioak kobratzeaz arduratzen zen «elkarte sare» baten arduraduna zela uste du epaileak. Sare hori egiteko «erantzukizun politikoak edota instituzionalak» zituzten hainbat pertsonaren laguntza izan zuela ondorioztatu du epaileak. Halaber, frogatutzat jo du De Miguelek zuzentzen zuen sarearen helburua zela «EAJk zuzendutako administrazioetan edo erakunde publikoetan legez kanpoko kontratuak eta esleipen publikoak lortzea». Hala, sare horretako kide zirelakoan, beste hogeita bost lagun inputatu ditu, ia denak dira Arabako EAJko kide izandakoak.

Epaileak auzitik kanpo utzi ditu, bestalde, Asier Arzalluz eta Pablo Jesus Larrabide. Instrukzio fasearen hasieran, epaileak ustezko irregulartasunen inguruko sumarioa abiatu zuenean, haien izenak agertu ziren inputatuen artean, baina azkenean artxibatu egin du haien aurkako auzia.

2009ko abenduan Ainhoa Alberdi abokatuak fiskaltzaren aurrean jarritako salaketa batek ezagutarazi zuen Arabako ustezko ustelkeria kasua. Arabako Miñao teknologia parkearen hedapena kudeatzeko Urbanorma izeneko enpresa bati emandako kontratu batengatik De Miguelek eta Telleriak 100.000 euroko komisioa eskatu ziotela salatu zuen. Hilabete batzuk geroago, Ertzaintzak zortzi lagun atxilotu zituen ustezko irregulartasun horiekin lotuta, tartean, De Miguel eta Telleria. Denak libre geratu ziren egun berean. Euren kargua utzizuten gero, eta EAJko kide izateari utzi zioten guztiek auzi hau ireki zenean.

Auzi horretatik tiraka etorri ziren inputazio gehiago, eta, epaiketaren ikerketak aurrera egin ahala, mataza nahaspilatuz joan zen. Auziaren hiru adar ikertu ditu justiziak ordutik: Araban izandako ustezko kontratu irregularrak (Kultura Sailean eta Miñaoko parkean), lurzoru kalifikazioak, eta PSEko eta PPko hainbat kargudunei ustez egindako espioitza kasuak. Ustezko zelatatzeei zegokion azken atal hori Arabako Probintzia auzitegiak epaitu zuen duela bi urte, eta errugabe jo zituen akusatu denak, tartean, Aitor Telleria eta bi ertzain.

Araban izandako ustezko kontratu irregularrak eta lurzoruen kalifikazioari dagokion atalean, ordea, delitu zantzuak antzeman ditu Ramos epaileak. De Miguel hainbat elkarteren arteko «sare» bateko buru izan zela uste du epaileak, eta, ustez, sare horrek kontratu publikoak modu irregularrean lortzen zituen eta legez kanpoko komisioak kobratzen zituen. Autoan dioenez, De Miguelen enpresa sareak 600.000 euro inguru kobratu zituen komisioetan, «kontratu simulatuen bitartez». Besteren artean, Miñaoko Teknologia Parkeko lursail batzuen salerosketagatik, eta kale egin zuen Zanbrana herriko lursailen birkalifikazio urbanistiko baten truke jaso zituen komisioak, hainbat enpresa erabilita.

Hala, epaileak egiaztatutzat jo du De Miguelek, besteak beste, Kataia Consulting, Errexal eta Ortzi Muga enpresak kontrolatzen zituela, eta horiek erabiltzen zituela kontratu publikoetatik lortutako komisioak kobratzeko. Hori dela eta, lursailen salerosketetan eta kontratuak faltsutzean izandako erantzukizunagatik,instrukzio epaileak «erantzukizun zibila» leporatu die Kataia Consulting, Errexal Zerbitzuak, Ortzi Muga, Sidepur eta Zerulur enpresei.

Besteak beste, epaileak autoan dio Lapuebla de Labarca eta Zigoitia herrietan hainbat lan egiteagatik%4ko komisioak kobratu zituztela de Miguelen esku zeuden enpresa horiek, eta modu berean jokatu zuela Zanbranako lursailak birkalifikatzeko asmoz egindako kontratu eta adjudikazioetan ere. Horretarako, Kataia Consulting enpresa «estalki» gisa erabili zuela dio epaileak.

Kultura saila

Epaileak frogatutzat jo du Eusko Jaurlaritzako Kultura sailetik justifikatu gabeko diru ordainak egin zitzaizkiola enpresa horiei. «Inolako lehiaketa publikorik egin gabe», hainbat kontratu adjudikatu zizkien Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak De Miguelen esku zeuden enpresei, epaileak dioenez. Juan Jose Ibarretxeren gobernuko Gazteria Saileko zuzendaria zen orduan Xabier Sanchez Robles, eta hura egin du kontratu horien erantzule. Kontratu horietarako, denera, 340.000 euro baliatu zituela dio. Autoan jasotzen duenez, hainbat kultur jarduerarekin zerikusia zuten kontratuak ere sinatu zituen Kultura Sailak Kataia Consulting enpresarekin, baina zerbitzu horiek ez ziren sekula eskaini. Hori hala, Kultura sailburu ohi Gurutz Larrañaga ere egin du kontratu irregular horien arduradun, «haren esku zegoelako kontratu adjudikazioak sinatzeko azken ardura». Arabako Diputazioak ere hainbat kontratu sinatu zituen susmopean dauden enpresekin, epailearen arabera: 34.000 euro inguru ordaindu zituela dio.

De Miguelek sortutako «sarea» adiskideek eta senitartekoek osatu zutela egiaztatutzat jo du epaileak. Besteak beste, Ainhoa Bilbao eta Araceli Bajo de Miguel eta Telleriaren emazteak ziren, hurrez hurren, eta haiek administratzen zuten Kataia Consulting enpresa.

Inputatuta dauden beste anai-arreba, guraso edota bikotekideek «interes komunak» zituztela eta guztiek aurrez «diseinatutako estrategian parte hartu» zutela uste du epaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.