Koronabirusa

Aldundiari mintzatu zaizkio

Greba egin dute berriro Gipuzkoako egoitzetako langileek. Batzarra eskatu zioten diputazioari

Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileen manifestazioa, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
Maria Ortega Zubiate
Donostia
2020ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
«Ez dakigu noiz izango den, baina garaipena lortuko dugu. Eta hori denei esker izango da, langileak, pentsiodunak, familiak... Denoi esker». ELAko Janire Diazen adierazpen horiekin bukatu zen atzo Gipuzkoako zahar etxeen langileek «sektorea duintzeko»egin duten 246. greba eguna. Gipuzkoa plazan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren parean hasi eta amaitu zen ELA eta LAB sindikatuek deitutako manifestazioa, eta, hain zuzen ere, instituzio horri mintzatu zitzaizkion: bilera baterako deia egin diote; izan ere, LABeko Leire Ormazabalen ustetan «erabakia denen artean hartu behar da, ez alde bakarretik».

246 egun. Denak jarraian jarriz gero zortzi hilabete pasatxo. Horiexek daramatzate Gipuzkoako zahar etxeetako langileek lan hitzarmena berritzeko aldarrika. Protestak abiatu zirenetik, ordea, egoerak ez duela hobera eginadierazi dute sindikatuek. Are gehiago, pandemia tarteko, okertu egin dela salatu dute, eta beraiek aurretiaz salatutako «gabeziak» mahaigaineratu dituela. Gipuzkoako zaharren egoitzetako egoera «oso larria» da, sindikatuen esanetan: «Lantaldeak eskasegiak dira, koordinazio falta dago, norbera babesteko ekipamenduak falta dira, langileak fisikoki zein psikologikoki lur jota daude».

Horrez gain, salatu dute atzo eta herenegungo grebetan gutxieneko zerbitzuak %100ekoak izan zirela. Hori «langileen eskubideen urraketa» izan dela salatu du LABek. Bat etorri da ELA, eta Aimar Etxeberria eledunak aurreko egunetan egindako adierazpenetan, «paradoxikotzat» jo zuen aldundiak hartutako erabakia: «Greba egunotan langile gehiago egongo dira lanean egun normaletan baino, langileen gaixoaldiak ez baitira ordezkatzen askotan».

Harago egitea nahi dute

Aldundiak herenegun hainbatneurri aurkeztu zituen egoitzetako arta hobetzeko; aldiz, horiei buruz galdetzean, «nahikoa ez» direla salatu dute sindikatuek. LABek uste du «aurrerapausoa» izango direla «benetakoak» badira, baina neurri horiek ezarriko ez diren susmoa du. Langileei galdetzeko eskatu dio aldundiari. Bestalde, ELAk neurri gehiago eskatu ditu: «Neurriak ez dira aski; zenbakiak ez dira aldatuko horrekin. Lan baldintzak ez dituzte aipatu ere egin. Pauso gehiago eman behar dira, eta ratioak are gehiago igo behar dira: 2008tik daude aldatu gabe». Mezu argia aldundiarentzat: «Bere lana egin dezan nahi dugu, eta behingoz hitzarmena sinatzea. Sektorea duina izatea behar dugu, langileentzat, egoiliarrentzat eta denentzat».

Atzo Donostiak ozendutako aldarriak norabide anitzetan zabaldu ziren: langileak egoiliarrei mintzatu zitzaizkien, eta baita senideak langileei ere. Izan ere, hantxe bildu ziren Gipuzkoako Senideak elkarteko kide eta eledunak, pankarta propio eta guzti, beren senideen arta onaren alde, eta baita langileentzako baldintzak hobetzeak eskatzeko ere.

Begoña Garate eta Madalen Ibañez izan ziren horietako bi. Biek ala biek dituzte senideak Donostiako egoitzetan, eta bi urte daramatzate, langileekin batera, baldintzak hobetzeko eskatuz: «Langileen prekaritatearen ondorioak gure senideek sufritzen dituzte. Haiek ondo egoteko, langileen egoera hobetzea behar dugu», azaldu du Garatek. Horregatik uste du aldundiak azaldutako neurriak «albiste ona» badira ere senideentzat, langileen beharrizanei ez dietela erantzuten: «Ez dute ezer esan langileen baldintzei buruz, eta, azkenean, guk zor izugarria daukagu langileekin. Pandemian haiek izan dira gure ordezkoak, eta bada ordua hori ordaintzeko. Hori eskatzen diogu aldundiari».

Ibañezek ere uste du aldundiaren neurriak ez direla aski. Haren hitzetan, ez dute kontuan hartu senideak ez dituzten egoiliarrak ere badaudela: pandemiaren aurretik amari bisitan joaten zitzaionean beste egoiliarrei ere egiten zien bisita. Oraingo neurriekin, ordea, amarekin soilik egon daiteke; bi metrora, amak dituen entzumen arazoekin, ukitu gabe.... «Oso gogorra da». Horiek horrela, langileei babesa adierazten jarraituko dute biek ala biek, bide berean doazen uste osoa baitute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.