Koronabirusa

524 lagun ospitaleraturik Hego Euskal Herrian: datu okerrena abenduaren 22tik

693 positibo atzeman dituzte, eta haietatik 322, Bizkaian. Nafarroan bi andre hil direla jakinarazi dute, eta Bizkaiko zahar etxeetan hiru egoiliar

Osasun langile bat, pertsona bat artatzen, maiatzean, Gurutzetako ospitalean. ANDONI LUBAKI / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2021eko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Ospitaleratuta daudenen kopurua igotzen ari da azken hiru asteotan Hego Euskal Herrian. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak atzo emandako datuen arabera, 524 pertsona daude ospitaleratuta COVID-19aren ondorioz. Hain zuzen, horietatik 432 erietxeetako gela arruntetan daude, eta 92, berriz, ZIU zainketa intentsiboetako unitatean. Datuei erreparatuz gero, ez da horrelako kopururik izan abenduaren 22az geroztik. Orduko hartan, ospitaleetan 543 pertsona zeuden.

Positiboen kopuruari dagokionez, 12.075 PCR eta antigeno proba egin zituzten herenegun Hegoaldean, eta haietatik 693 positibo detektatu ziren. Proba guztien %5,74k eman zuten positibo, eta, beraz, OME Osasunaren Mundu Erakundeak ezarritako gutxieneko markatik —%5 da— gora dago oraindik ehunekoa. Gainera, soilik Nafarroako datuak oinarri hartuz gero, nabarmentzekoa da bertako positibo tasa %9,7 dela.

Lurraldeetako egoerari dagokionez, errepikatu egiten da aurreko egunetako joera. Kasu gehienak Bizkaian atzeman zituzten herenegun. Hain zuzen, Jaurlaritzak atzo emandako datuak oinarritzat hartuta, 322 positibo detektatu zituzten, eta Zornotza, Bermeo eta Lekeitio eremu gorrian daude. Gipuzkoan, 166 positibo erregistratu zituzten, eta Andoain, Beasain, Lazkao, Villabona eta Zumaia daude egoera okerrenean. Nafarroan, 133 izan ziren positiboak, eta Iruñea eta Iruñerria dira lekurik kaltetuenak, ohi legez. Araban, 67 positibo atzeman zituzten, eta Agurain eremu gorrian dago.

Eusko Jaurlaritzak bihar jakinaraziko du azken asteko hildakoen kopurua, asteazkenero egin ohi duen moduan. Nafarroako Gobernuak, ordea, egunero ematen du datu hori, eta, hain zuzen ere, atzo beste bi heriotzaren berri eman zuen: 70 urte emakumezko bat, eta 84 urteko beste bat. Zahar etxeetako egoerari dagokionez, berriz, Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi zuen beste hiru egoiliar hil zirela herenegun egoitzetan, eta gaur-gaurkoz 131k dutela birusa. Gainera, bi agerraldiren berri ere eman zuen: bata, Muskizko Marcelo Gangoiti zahar etxean, eta bestea, Getxoko Beato Domingo Iturraten. Gipuzkoako eta Arabako egoitzetan, aldiz, ez da egoiliarrik hil.

Lezan, sei positibo

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak agerraldi bat egin zuen atzo Labi batzorde teknikoaren erabakien berri emateko, Gasteizen, eta, aldi berean, jakinarazi zuen sei positibo atzeman dituztela Lezako ospitalean (Araba). Hain zuzen, hiru pazientek eta hiru langilek eman dute positibo, eta ohartarazi zuen lehen hirurak Gasteizko Txagorritxu ospitalera eraman dituztela, Osakidetzako protokoloak hala zehazten duela azpimarratuta. Lezako erietxean zeuden gainontzeko pazienteei eta langileei dagokienez, berriz, adierazi zuen birusa atzemateko probak egin dizkietela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.