Skolae hezkidetza programak Unescoren Hezkuntza saria jaso du

Maria Solana kontseilari ohiak gogora ekarri du gobernu berriak konpromisoa hartua duela egitasmoarekin jarraitzeko eta zabaltzeko

Skolaeren aldeko mobilizazio bat, aurtengo ekainean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Hodei Iruretagoiena - Jokin Sagarzazu
2019ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak (Unesco) jakinarazi du Nafarroako Gobernuaren Skolae hezkidetza programari emango diotela aurten Nesken eta Emakumeen Hezkuntzarako Nazioarteko Saria. Urriaren 11n jasoko du gobernuak, Parisen egingo den ekitaldi batean. Nafarroako aurreko gobernuko bozeramaile eta Hezkuntza kontseilari Maria Solanak eman zuen berria atzo, kargua utzi zuen egunean, eta Interneteko sare sozialen bidez.

Uxue Barkos buru zuen gobernuaren egitasmoetako bat izan zen Skolae, baina Solanak gogora ekarri duen moduan, Maria Txibitek gidatuko duenak «konpromisoa» hartua du datorren legealdian ere horrekin jarraitzeko.«Bihar [gaur], boterea eskuz aldatzeko ekitaldian, harrotasunez pasatuko diot Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariari datorren urriaren 11n Parisen saria jasotzeko gonbidapena».

Eskoletan «kultura berdinzalea ezarri eta indarkeria sexisten aurrean kontzientziatzeko» egitasmoa da Skolae, eta Nafarroako 116 ikastetxetan ezarria dago. Horren barruan, hainbat eduki lantzen dituzte ikasleek, mailaren arabera egokituak, betiere: genero desorekak, eskola jazarpena, autoestimua eta edertasun kanonak, maitasun erromantikoa, sexualitatea, sexu erasoak...

Ikastetxeetan, oro har, begi onez hartu dute egitasmoa—8,5eko nota jarri diote irakasleek—. Eta Nafarroatik kanpo, hezkuntza alorreko hainbat eragilek txalotu egin dute. Eskolaz kanpo piztu zen, ordea, polemika, talde ultrakatoliko, alderdi eskuindar eta hedabide zenbaitek hauspotuta. Solanak berak jazarpena jasan zuen —mehatxu gutunak eta beste—, eta babespean jarri zuen Foruzaingoak. Hezkuntza arloan ere izan dituzte trabak. Skolae landu zuten hamar profesionalek, esaterako, epailearen aurretik igaro behar izan zuten ekainean. Haientzako guztientzako esker hitzak izan ditu Solanak.

2017-2018ko ikasturtean, Hezkuntza Departamentuak proiektu pilotu gisa ezarri zuen Skolae hamasei ikastetxetan, eta orduan ez zen kalapitarik sortu. Parlamentuan ere taldeen oniritzia jaso zuen egitasmoak. Are: UPNk baliabide gehiago eskatu zituen programa behar bezala ezartzeko eta irakasleen lan gainkarga saihesteko.

Egindakoaz «harro»

Solanak agur esan zion atzo azken lau urteetan bete duen karguari, eta «harro» azaldu zen egindako lanarekin. «XXI. mendeko eskola baterako oinarriak jarri ditugu: berdinzalea, inklusiboa eta berritzailea». Haren tokia hartuko du Carlos Gimenok. Aurreko legealdian eta PSNko parlamentari gisa, gogor jo zuen Solanaren aurka, baina horri buruz galdetuta,adierazi du orain «aurrera begiratu» nahi duela. Gimenok gogora ekarri du Skolae programarekin jarraitzea adostu dutela gobernu berriko kideek, eta gaineratu du ikastetxe guztietara hedatzeko asmoa dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.