Koronabirusa

Transmisioak behera eginda, neurriak arintzeko abagunea sortu da

Intzidentzia metatua 135 zen herenegun Hegoaldean. Aurki, Eusko Jaurlaritzak neurri murriztaileak arindu ala ez erabaki beharko du

Osasun alorreko langile bat, Iruñean. IÑIGO URIZ/ FOKU.
Juanma Gallego.
2021eko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Pandemiaren bilakaera bide onetik doa oraindik ere, zenbaki hutsei erreparatuta bederen. Datuak argitaratu aurreko hamalau egunak aintzat hartuta, 100.000 biztanleko 135 laguni atzeman diete birusa Hego Euskal Herrian. Osasunbidearen eta Osakidetzaren datuen arabera, astelehenean eginiko 9.659 proba diagnostikoetan 178 positibo atzeman zituzten; hots, testa egin zutenen %1,8k positibo eman zuten.

Zenbakiak zenbaki, Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren kasuan 150eko langa beherantz gainditu izanak zenbait aldaketarako bidea eman dezake. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak hiru lurraldeotan gaur egun dauden neurri murriztaileak maiatzaren 31n ezarri zituen, Labi batzordearen bileraren ostean. Egun horretan, Iñigo Urkullu lehendakariak aurreratu zuen beste hainbat neurri ezartzeko asmoa atzeratzea erabaki zutela, osasun egoerak hobera egin arte. Horretarako, intzidentzia metatua 150 baino txikiagoa izatea ala ospitaletako presioa arinagoa izatea kontuan hartuko zituztela erantsi zuen, Bizi Berri planean zehaztutakoari jarraiki. Asteleheneko datuetan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako intzidentzia metatua 146 izanik, horretarako bidea ireki liteke. Nafarroan ere aldaketak espero dira: bihar iragarri behar dituzte.

Ostalaritza eta edukierak

Bidean egon daitezkeen aldaketa gehienak ostalaritzaren ordutegiari eta hainbat esparrutan errespetatu beharreko edukierari dagozkie bereziki. Ostalaritza gaueko ordu bata arte irekita egon ahal izatea eta mahai bakoitzeko sei lagun egoteko aukera eskaintzea dira maiatzaren 31n atzeratu ziren neurrietako bi.

Gehienezko edukierak beste zenbait arlori zabaldu daitezke. Kasurako, bisita gidatuetan edota naturari lotutako aisialdian. Kirol ekitaldietan publikoa baimenduko litzateke: barruko ekitaldien kasuan, 800 lagun, eta 1.200 lagun aire zabaldeko ekitaldietan, betiere, gehienezko edukiera %60ra mugatuta. Ehuneko hori bera mantenduko litzateke beste zenbait arlotako edukieratan, hala nola igerilekuetan, hoteletako terrazetan edota kanpinetan. Elkarte gastronomikoak ere irekitzeko aukera egon liteke.

Gaiaren bueltan galdetuta, erabakia lehendakariari zegokiola argudiatu zuen atzo Osasun sailburu Gotzone Sagarduik. Labi batzordea aste honetan edo datorren asteko lehen egunetan bilduko dela espero da.

Sagarduik aurreratu zuen datuak «itxaropena pizteko modukoak» direla, baina, halere, garrantzitsua dela ere horiek «finkatzea». Intzidentzia metatua 150 kasutik behetik dagoela baieztatu arte neurri murriztaileak ez direla arinduko iragarri zuen. Txertaketari egotzi zion hobekuntza, eta, alde horretatik, datu argigarria eman zuen: 65 urtetik gorakoen artean intzidentzia metatua 40 da orain Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Jaurlaritzak gaur eman behar du koronabirusarekin loturiko heriotzen berri. Nafarroako datuei erreparatuta, ez da hildakorik izan azken hamar egunetan. Erietxeetako egoerari dagokionez, astelehenean 32 ospitaleratze berri egon ziren Hegoaldean COVID-19 gaitzarekin kutsatuta. 189 lagun zeuden ospitaletan, eta horietatik 68, ZIUetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.