Bilbo oinez zeharkatzeko bide sare bat adosteko kanpaina bat abiatu dute

Urtebeteko hausnarketa bat egin dute Ekologistak Martxan eta Fekoor taldeek eta auzo elkarteek. Sarea osatzeko, sei bide proposatu dituzte

Uda ostean, beste eragile batzuekin proposamena eztabaidatzen hasiko dira kanpainaren sustatzaileak. M. RAMIREZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2022ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Bilbo oinez zeharkatzea, alderik alde eta oztoporik gabe. Horixe du helburu azken urtean Ekologistak Martxan eta Fekoor taldeek eta hiriburuko auzo elkarteen federazioak egindako hausnarketak, baita atzo aurkeztutako kanpainak ere: oinezkoen eta mugikortasun arazoak dituztenen lekualdaketak erraztuko dituen bide sare bat adostea eta udalari proposatzea. Hiriburuko auzoak lotzeko, sei bide diseinatu dituzte, eta udazkenean eztabaida irekiko dute, datorren udaberrian gogoeta udal hauteskundeetara helarazteko. Ekologistak Martxan-eko kide Enrique Antolinek azaldu du lanen parte handi bat eginda dagoela jada: «Sarearen kontzeptua da funtsezkoa: oinezkoentzako espazioak aisialdi edo jolas eremu gisa pentsatu ohi ditugu, baina egunero mugitzeko ere balio dute».

Bilboko lekualdatzeen %61 oinez egiten dituzte herritarrek, eta, Antolinen ustez, joera hori areagotu egingo da datozen urteetan: «Gero eta adineko gehiago egongo da, eta horrek eragina izan behar du mugikortasun politiketan; haien beharrak kontuan hartu behar ditugu, adibidez, kaleko komunak non jarri pentsatzean». Izan ere, helburua da joan-etorri «lasaiak eta seguruak» egin ahal izatea, oinezkoek ez ezik, mugikortasun mugatua dutenek ere.

Eragileok onartu dute udalak «egokitze politika esanguratsuak» egin dituela azken urteetan, baina erantsi dute oinezkoentzako bideek ez dutela «jarraitutasunik». Beraz, jada oinezkoentzat bihurtutako guneak lotzean datza haien proposamena. «Auzoak plazek artikulatzen dituzte: horien inguruan jarri behar dira oinezkoentzako kaleak». Hala, sei bide proposatu dituzte, eta gehienetan —Errekalde eta Indautxu artean, Abandon, Uribarrin, Basurtun...— kale bat oinezkoentzat jartzea hobetsi dute; Deustua eta San Ignazio auzoak lotzeko, berriz, bulebar bat planteatu dute. «Periferia da konplexuena: Santutxu, Masustegi...».

Autoen zirkulazioaz gain, bestelako irizpideak ere hartu dituzte kontuan bideok diseinatzean: «Mugikortasun mugatua dutenentzat irisgarriak izatea, ekipamenduak jarri ahal izatea —eserlekuak, argiztapena, zuhaitzak...—, eta garraio publikorako aukera bat hurbil edukitzea». Izatez, gogoeta prozesuan, oinezkoentzat nolako espazioak nahi dituzten ere aztertu dute, Ana Isabel Simon Bilboko auzo elkarteetako ordezkariak berretsi duenez: «Oinezkoentzako kaleetan, joera handia dago terraza asko jartzeko, eta sarri oztopo bihurtzen dira gurpil aulkian edo makuluekin dabiltzanentzat. Oinezkoentzako kaleak nahi ditugu, baina ez terrazez betetzeko».

Edonola ere, proposamena zabalik dagoela nabarmendu dute. Uda ostean, hitzaldi ziklo bat antolatuko dute, eta bestelako eragileekin bilduko dira. «Proposamen dinamikoa da; ez dugu makila magikorik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.