Eusko Jaurlaritza otsoaren kudeaketa plana prestatzen hasiko da aurten

Ingurumen sailburuak berretsi du animalia babestu izendatu dutela irizpide teknikoekin. Abeltzainek gogor kritikatu dute erabakia

Bi otso, artxiboko argazki batean. ANA RETAMERO OLMOS / EFE.
Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Otsoa aurki sartuko da EAEn arriskuan dauden espezieen zerrendan. Eusko Jaurlaritzak hilabete batean amaituko ditu tramiteak, eta interes bereziko animalia izendatuko dute. Horrek, ordea, ez du behin-behineko eragina izango. Hala azaldu zuen atzo Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Elena Morenok, Eusko Legebiltzarrean. Izendapen horren harira, zenbait lan egin beharko dituzte: EAEko otsoaren errolda, bilakaerari buruzko txostena eta Kudeaketa Plana. Sailburuordeak jakinarazi zuen lan horiek urtea amaitu baino lehen hasiko dituztela.

Morenok defendatu zuen otsoa arriskuan dauden animalien artean sartzeko erabakia. Hori egiteko Ā«irizpide teknikoakĀ» baliatu dituztela nabarmendu zuen, eta adituen azalpenei jarraitu dietela. Gogora ekarri zuen Euskadiko Otso Taldeak eskatu duela desagertzear dagoen animalia izendatzeko. Sailburuordeak, baina, argitu zuen ez dagoela horren beharrik. Ordea, gaineratu zuen emandako izendapenak ez duela behin-behineko eraginik izango; hots, ez duela ekarriko otso kopuruak gora egitea edo desagertzea. Kudeaketa planean zehazten diren neurrien araberakoa izango da eragina.

Horren harira, Morenok nabarmendu zuen kudeaketa planaren nondik norakoak zehaztuko dituztela hiru aldundiekin batera. Araba, Bizkai, eta Gipuzkoako foru aldundiak dira otsoaren kudeaketan eskumenak dituzten administrazioak. Are, Arabakoak badu, dagoeneko, Otsoa Kudeatzeko Plana. Sailburuordeak gaineratu zuen otsoaren egoera aztertzeko ikerlanean diputazioetara jo zutela, eta hiruretako bakar batek ere ez zuela EAE mailako kudeaketa plan baten beharrik ikusi.

Zerrendatik at uztea

UAGA eta ENBA nekazaritza sindikatuek gogor kritikatu dute otsoa arriskuan dauden animalien zerrendan sartu izana. Behin-behineko eraginik izango ez badu ere, zerrendatik kentzeko eskatu dute. Haien iritziz, otsoak ez daude arriskuan, eta bai, ordea, abeltzaintza. Azpimarratu zuten otsoaren presentziak kolokan jartzen duela orain arteko eredua. Are, gaineratu zuten beste espezie batzuk kolokan utziko dituela; ardi latxa, kasurako.

Legebiltzar taldeen gehiengoak erabaki zuen gaiaren inguruan erdibideko akordio bat lortu beharko dela, eta esan zuten elkarrizketarako bideek irekita egon beharko dutela hori lortzeko. Aurrera begira, Jaurlaritzari galdegin zioten jarrera irekia izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.