Koronabirusa

Gaitzarekin gaixo ziren 26 lagun hil dira astebetean Hego Euskal Herrian

Martxoaren erdialdetik birusarekin jende gutxien hil den astea izan da aurrekoa; datua abuztukoen parean da. Beste 429 kasu zenbatu dira

DYAko bi langile, emakume bati oinez laguntzen. Atzeko aldean, hileta zerbitzuetako auto bat. GORKA RUBIO / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Azken egunotan Hegoaldeko osasun sistemek emandako datuek aski argi erakusten dute bilakaera zein den: kutsatzeen beheranzko joera gero eta geldoagoa da; ospitaleetako okupazioak eta gaitzarekin loturiko heriotza kopuruak, berriz, maldan behera segitzen dute, malkartsu. Hain justu, hildakoei erreparatuta, azken bi hilabeteetako kopururik apalena erregistratu da Hego Euskal Herrian; are, zenbatekoa abuztuaren bukaerako datuen parean da. Zehazki, maiatzaren 17tik 23ra 26 lagun hil ziren gaitzak jota, aurreko astean baino zazpi gutxiago.

Azken astean birusarekin zendu diren kasu horiek guztiak Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak dira; izan ere, aurreko astean ez da COVID-19arekin loturiko heriotzarik izan Nafarroan. Uztailetik, aurrekoa izan da hildakorik gabeko lehenbiziko astea herrialdean.

Ospitaleetako presioari so, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako azken datuen arabera, oraintxe bertan 123 pertsona daude Hegoaldeko ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan, bezperan baino zazpi gutxiago. Halaber, 229 gaixo dira gela arruntetan ospitaleraturik, eta, beraz, guztira 352 paziente daude ospitaleetan. Herenegun 42 pertsona erietxeratu zituzten.

Transmisioari dagokionez, zenbait eguneko barealdiaren ondotik, egun bakarrean zenbatutako kutsatu kopuruak gora egin du atzera ere. Hegoaldean atzemandako positiboak 400 baino gutxiago izan ziren hiru egunez jarraian horietako bitan, 300 baino gutxiago; ordea, joerak etena izan zuen herenegun. Birusa detektatzeko 10.989 proba eginda, 429 kasu atzeman ziren: Bizkaian, 228; Gipuzkoan, 121; Nafarroan, 50, eta Araban, 29.

Hego Euskal Herriko egoeraz gainera, Zuberoako datuek kezka eragin dute: 450eko intzidentzia tasa du lurraldeak, zazpi eguneko datuak kontuan hartuta. Pirinio Atlantikoetako prefeturako ordezkariak Zuberoako auzapezekin bildu ziren atzo, egoeraz mintzatzeko. Auzapezek galdetu zieten txertaketa kanpaina zalutzeko eta PCR test gehiago egiteko. Prefeturako ordezkariek, berriz, birusari aurre egiteko neurriei buruzko «pedagogia» egiteko eskakizuna egin diete auzapezei. Prefeturak bihar baieztatzekoak ditu auzapezek egindako eskabideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.