Medikuntzako gradua irailean jarri nahi du abian Deustuko Unibertsitateak

Erredakzioa
Bilbo
2019ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Datozen urteetarako egitasmoa onartu du Deustuko Unibertsitateak, eta medikuntza ikasketen eskaintza izango da berritasun nagusietako bat. Medikuntzako gradua emateko prozedura abian jarria du unibertsitateak, eta, arduradunek azaldu dutenez, espero dute datorren astean bertan lortzea gradua emateko baimena; hala balitz, uste dute denbora izango luketela irailean eskolak ematen hasteko. Medikuntzako gradua ez da berritasun bakarra izango: izan ere, 2022a baino lehen 21 titulazio jarri nahi ditu abian Deustuko Unibertsitateak.

2022ra arteko plan estrategikoa aurkeztu zuen atzo unibertsitateak, Bilbon, hainbat eragiletako eta erakundetako ordezkarien aurrean. Datorren ikasturtean bertan jarriko dituzte lehen berritasunak martxan: gradu bikoitz bat emango dute, Informatika Ingeniaritza eta Industria Antolakuntza uztartuta, eta ibilbide dualak eskainiko dituzte, Zuzenbidea eta Lan Harremanak lotuta, adibidez. Denera, bost titulazio berri emango dituzte osasun arloan, zazpi «erronka sozialekin» lotutako arloetan, eta nazioarteko bederatzi titulu hasiko dituzte.

Nazioartea eta «sustraiak»

Titulazioen eskaintza zabaltzearekin batera, unibertsitatea nazioartekotzea izango da planaren helburua, «betiere sustraiak galdu gabe», Jose Antonio Rodriguez errektoreordeak nabarmendu duenez. «Gure unibertsitateak bokazio unibertsala du, baina hemen ditu erraiak, eta hemen egongo dira». Ikasleen kopurua handitzea eta rankingetan aurrera egitea ere jarri dituzte helburu.

Planaren finantzaketari dagokionez, unibertsitateak berak 135 milioi euroko inbertsioa egingo du; planaren erdia baino gehixeago estaliko du horrekin, %56. Gainerakoa laguntzetatik lortu asmo du: bai Eusko Jaurlaritzaren unibertsitate planetik (33 milioi), bai laguntza lehiakorretatik (27 milioi). Deustuko Unibertsitateak 10.900 ikasle inguru dauzka gaur egun, eta 1.300 langile pasatxo—horietatik %60, emakumeak—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.