Pentsiodunek adin orotako jendea deitu dute Bilboko jaietako manifestaziora

Astelehenean elkartuko dira, urtarrilaz geroztik astelehenero egin duten moduan. Urriaren 1ean ere kalera aterako dira, Nagusien Egunean

Bizkaiko Pentsiodunen Elkarteko kideak, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Peru Azpillaga Diez.
Bilbo
2018ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
«Batzuek zein besteek gobernatu, pentsio duinak defendatu» eta «pentsionistak aurrera» oihuen artean eman zuten Bizkaiko Pentsiodunen Elkarteak Bilboko Aste Nagusian egingo duen manifestazioaren berri: belaunaldien arteko mobilizazio bat izatea espero dute, eta pertsona oro deitu dute familiarekin eta lagunekin batera joan eta pentsio duinen aldarria Bilboko jaietan ere zabaltzera. Gainera, beste lurralde batzuetatik ere jendea etorriko dela jakinarazi dute.

Elkarteko zenbait kideren babesean, Francisco Barbadillo eta Eguzkiñe Uriondo bozeramaileek ohartarazi zuten ez dutela «atzera egingo» mugimenduak adostutako aldarrikapenak lortu arte. Horretaz gain, nabarmendu zuten borroka ez dela hor bukatuko, eta beste mobilizazio bat prestatzen ari direla urriaren 1erako, hain zuzen ere, Nagusien Egunerako.

Zortzi hilabete daramatzate pentsiodunek, astelehenero, Bilboko udaletxea mukuru bete eta pentsio duinen aldarria lau haizeetara zabaltzen. Zortzi hilabete kaleak hartu eta duintasunaren eredu bilakatzen. Horiek horrela, mobilizatzeko gaitasun handia erakutsi dute, eta erreferente bihurtu dira zenbait esparrutan. Horregatik, hilabete hauetan guztietan «kalera atera eta elkartasuna adieraziz pentsio duinen alde borrokatu diren guztiei eskerrak emateko» baliatu zituzten agerraldiko lehen hitzak.

Bilboko jaietako asteleheneko manifestazioa, ordea, «berezia» izango dela azpimarratu zuten: «Gure aldarrikapenak zabaltzen jarraituko dugu, hori bai, giro berezian, konpartsekin eta kuadrillekin».Elkarretaratzeetatik harago joan eta pentsio duinen aldarria adin guztietako jendearen ahoan ezartzea dute helburu; astero abesten dituzten leloek eztarri gehiagotatik edan dezaten. Adierazi zutenez, abuztuaren 20an egingo duten mobilizazioa: «Manifestazioa adinekoen eta gazteen arteko belaunaldien arteko arrakasta izatea espero dugu».

Hasierako aldarrikapenak

Elkarretaratzeen beroan sortu zen elkartea, eta, zenbait lorpen aldarrika ditzaketen arren—2024. urtera atzeratzea jasangarritasun faktorea, pentsioak batez beste %1,6 handitzea eta gutxieneko pentsioak %3, eta alargunen pentsioa igotzea, asko falta da oraindik «denentzako pentsio duinak lortzeko». Hori dela eta, eskuratutakoa «adabakiak» baino ez direla salatu dute, eta borrokan jarraitzeko asmoa berretsi.

Hala, Bizkaiko mugimenduak adostutako oinarrizko aldarrikapenekin aurrera jarraituko dute. Honako hauek dira: pentsio duinak eta publikoak bermatuko dituen sistema publikoa, KPIaren araberako igoera iraunkorra, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea, pentsioen erreformak indargabetzea, jasangarritasun faktorea deuseztatzea, erretiro aurreratuek zigorrik ez izatea, eta pentsio publikoak borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeekin (BGAE) ordezkatzeko edota osatzeko saiakeren aurka egitea.

Horrekin batera, egunero aldarrikatu ez arren garrantzitsuak diren beste eskakizun batzuk dituztela ere azaldu dute. Besteak beste, etxeko langileen pentsioak gizarte segurantzako erregimen orokorrarekin parekatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.