Enkarterri biziberritzeko, zazpi milioi inbertituko dituzte erakundeek

Planaren lehen 11 hilabeteetan langabezia %7,95 jaitsi da eskualdean. BI-630 errepidea hobetzeko lanak datorren astean esleituko dituzte

Imanol Pradales, atzo, Enkarterri biziberritzeko planaren emaitzak aurkezten, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Enkarterri biziberritzeko abiatutako plana bere emaitzak izaten ari da. Edo hala ziurtatu du, behintzat, Imanol Pradales Bizkaiko Aldundiko Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuak. Emaitza «positibo» horiek zertan oinarritzen diren arrazoitzeko, langabezia datuak aipatu zituen: 2018. eta 2019. urteen arteko plana martxan jarri denetik 11 hilabete igaro dira, eta denbora tarte horretan 192 langabe gutxiago daude eskualdean. Aldi horretan langabezia %7,95 jaitsi da Enkarterrin, Bizkaian baino gehiago (-%5,6).

Aipagarria da jaitsiera hori, Enkarterri izan delako Bizkaian krisiak gogorren jo duen eskualdea. 2016. urtean, langabezia tasa %19,6 zen, Bizkaiko batezbestekotik urrun: %16. Horregatik, garrantzi berezia eman zion datuari Pradalesek. Arrazoi horregatik jarri zuten eskualdea berpizteko plana martxan aldundiak, Jaurlaritzak, Enkarterriko udalek eta mankomunitateak. Orain arte hartutako neurriak egokiak izaten ari direla azaldu zuen Pradalesek, eta horregatik biziberritzeko planera bideratu beharreko kopurua bikoiztuko dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak: 3,6 milioitik zazpi milioira arte.

Edozein moduz, 2019. urtea amaitu arte bideratuko den diru horren erdia BI-630 errepidea hobetzeko erabiliko dela ere argitu zuen. Balmasedatik Karrantzara (Bizkaia) doan errepidea egokituko da, eskualdearen biziberritze planak azpiegiturak hobetzea eskatzen zuelako. Errepidea bost fasetan egingo da. Balmaseda-Malabrigo (Sopuerta) auzoen artekoa izango da lehenengoa, eta datorren astean adjudikatuko dira lanak. Hemezortzi hilabete iraungo dute, eta 6,5 milioi bideratuko dira. Hau da, 2019an 3,5 milioi inguru erabiliko dira azpiegitura hobetzeko.

44 lanpostu berri

Azpiegituretan bezala, enpresen jarduera sustatzeko helburua izan zuen biziberritzeko planak. Planak iraun duen 11 hilabeteetan lau enpresek Jaurlaritzaren Indartuz programan parte hartu dute —orain arte Enkarterri ez zegoen proiektu horretan—, eta ekoizpen sarean inbertsioak egiteko 3,7 milioi euroko laguntza jaso zuten. Horren eraginez 44 lanpostu berri sortu direla nabarmendu zuen diputatuak. 52 enpresa txiki eta ertainek laguntza berezia jasoko dute garapen proiektuak bideratu eta lehiakortasuna hobetzeko, eta eskualdeko 35 tailer mekanikorekin proiektu pilotu bat abiatuko dute.

San Viator lanbide heziketako zentroarekin eta Mondragon Unibertsitatearekin batera, mugikortasun elektrikoan sakontzeko egitasmoak aztertu dituzte. «Egitasmoak arrakasta baldin badauka, beste eskualde batzuetara ere eramango dugu», azaldu zuen Pradalesek. Azkenik, hamasei dendatan sareko salmentak egiteko laguntzak ere eskaini dituzte.

Ekimen horiekin guztiekin lehen emaitzak jaso dituztela ondorioztatu zuen diputatuak, eta, horregatik, bide horretan lanean jarraitzeko asmoa erakutsi zuen.

Biziberritze plana 2019. urtea amaitzearekin batera bukatuko litzateke, baina hortik aurrera Enkarterrirako 2020-2025 plan estrategikoa bultzatuko dute Jaurlaritzak, aldundiak, udalek eta mankomunitateak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.