Araluceko lantegia husten hasi da Batz kooperatiba, Ertzaintzak lagunduta

Epaitegiaren baimena du. Langileek ez dute erresistentziarik jarri, baina salaketa ipiniko dute. ELAk eta LABek gogor salatu dute itxiera

Kamioiak Araluceko materialarekin eta langileak protestan, atzo. BERRIA.
jokin sagarzazu
2019ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Egindako lana eta erabilitako tresnak beren lantokitik nola ateratzen zituzten ikusi zuten atzo Araluce enpresako langileek. Azaroaren 8tik atxikia zuten makineria eta produkzioa, aurreikusitako kaleratzeengatik protesta egiteko. Batz kooperatiba da Igorreko (Bizkaia) lantegi horren egungo jabea, eta planta horretako makineriarena eta produkzioarena ere bai. Hala ebatzi zuen Bilboko Merkataritza arloko 2. Epaitegiak aurreko astean.



Atzo goizean hasi ziren epaia betetzen. Epaitegiak jarritako konkurtsoko administratzailea joan zen hara, Ertzaintzak prestatutako operatibo handi batekin, eta materiala ateratzeko kamioiekin. Han topo egin zuten langileekin: protesta egin zuten, baina ez zuten erresistentziarik jarri. Dena den, Batzen kontrako salaketa jarriko dute Eusko Jaurlaritzako Lan Ikuskaritzan, greba batzordeari instalazioetara sartzea «galarazi» ziotelako.

Batzek lantegia itxi zuenean ere izan ziren poliziak, azaro hasieran; ordutik, greban daude langileak. Itxialdiak eta manifestazioak egin dituzte, eta, protesta gisa, atxikita eduki dute materiala. Automobilgintzarako trokelgintzan aritu da Araluce.

Batzen ustez, Araluceko produkzioaren «bahiketak arriskuan» jartzen du kooperatibaren etorkizuna, eta azaldu du makineria eta produzitutakoa salduz ordaindu nahi dituela Aralucekoen kaleratzeak. Negoziazioak blokeatuta daude; epaitegietan dago auzia. Batzen itxiera patronala eta likidazio proposamena ez zuten onartu langileek; orain, konkurtsoko administratzaile batena da itxieraren ardura.

Arratiako eskualdean oihartzun handia izaten ari da auzia. Hangoak dira Araluceko 141 langile eta Batzeko 700 kooperatibistetako gehienak.

Mondragon «erantzule»

Atzoko gertakarien harira, ohar bat kaleratu du ELA sindikatuak. Euskal Herrian «aurrekaririk ez duen erasotzat» jo du «beren lanpostuei eusten saiatzen ari diren langile batzuen aurka» egin izana, eta «mugimendu kooperatibista» —zehazki, Mondragon korporazioa (MCC)— egin du «erasoaren erantzule». «Bazkide kooperatibistak ez direnak eskubiderik gabeko langiletzat hartzen dituzte. Kapitalismorik basatiena, talde baten eskuetan: MCC, balio sozial batzuk defendatzen dituela esaten duena».

LAB ere gogor mintzatu da enpresa ixtearen aurka; erabili den modua «legez kanpokoa» dela azpimarratu du. Sindikatuaren ustez, auzia auzitegietara eraman izana kaltegarria da alde guztientzat, eta Mondragoni eskatu dio bazter ditzala «jarrera inposatzaileak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.