Albistea entzun

Orain, «arrazoi gehiagorekin»

Sindikatuek ofizialki erregistratu dute erakundeetan urtarrilaren 30eko greba orokorrerako deialdia
ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru, Etxalde eta EHNE sindikatuetako ordezkariak, atzo, Jaurlaritzak Bilboko Kale Nagusian duen egoitzaren aurrean.
ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru, Etxalde eta EHNE sindikatuetako ordezkariak, atzo, Jaurlaritzak Bilboko Kale Nagusian duen egoitzaren aurrean. M. RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Imanol Magro Eizmendi -

2020ko urtarrilak 10 - Bilbo

Urtarrilaren 30erako greba orokorrerako deialdia ofiziala da dagoeneko. ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru, Etxalde eta EHNE sindikatuek atzo erregistratu zituzten eskaerak Eusko Jaurlaritzan eta Nafarroako Gobernuan. Mobilizazioaren bultzatzailea Euskal Herriko Gutun Soziala da, baina eskakizunaren protokoloa sindikatuei dagokie, eta, haien iritziz, gaur egun, deialdia jakinarazi zutenean —iazko urriaren 24an— baino «are arrazoi gehiago» daude greba egiteko.

Sindikatuek bat eginda aurkeztu zuten eskaera agiria Jaurlaritzak Bilboko Kale Nagusian duen egoitzan —Nafarroan ELAk, LABek, ESK-k eta Steilasek egin zuten—. Bi hilabete pasatu dira deialdia publiko egin zutenetik, eta bat data zehaztu zutenetik. Hartaz geroztik, mugimendu politiko asko egon dira Hego Euskal Herrian eta Espainian, baina, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiaren ustez, «ez zaie erantzun grebara eraman gaituzten arrazoiei». Haren iritziz, erakundeek «ez dituzte jaso grebarako aldarrikapenak», ez Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu egitasmoan, ez Nafarroako Gobernuko aurrekontu proiektuaz duten informazioan, ezta PSOEk eta Unidas Podemosek Espainiako Gobernua eratzeko akordioan ere.

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak ere gogoratu zuen agintariei «ate joka» ari direla deialdi honekin. «Urkulluren gobernua eta Txibiterena ezin dira ezkutatu egunez egun gailentzen ari zaizkien arazo horien aurrean. Greba honek balio izan behar du prekaritatearen, pentsioen eta eskubide sozialen urraketaren gainean dagoen isiltasuna apurtzeko».

Bi sindikatuetako buruek greban parte hartzeko deia egin zieten langile guztiei, eta gogoratu zuten Ipar Euskal Herrian abenduaren 5az geroztik «borroka duin» batean murgilduta daudela, eta horrek are argiago uzten duela Euskal Herriak pentsio sistema propioa izatearen beharra.

Aranburuk argi du «erasora jotzeko» eginiko deialdi bat dela, «lan guztiek aitortza sozial eta politikoa jaso dezaten, zaintza lanak barne, ezinbestekoak direlako bizitza sostengatzeko». Greba egiteko arrazoi gehiago aipatzean, urte hasiera honetan lan istripuetan hildako langileak hartu zituen gogoan: «Bizitza duinaren aldeko greba bat erregistratzera gatoz, eta gogoratu behar da urteak dituen bederatzi egunetan sei langile hil direla dagoeneko lan istripuetan. XXI. mendean gaude, eta oraindik lanera joateak gaixotzea edo hiltzea esan nahi du. Hori ere langileen aurkako indarkeria mota bat da, eta greba honetan langileen osasunerako eskubidea defendatzera gatoz».

Lakuntzak, bestalde, «kalean estutzeko» garaia dela nabarmendu zuen, «Frantziako sindikatuak egiten ari diren bezala». Arrazoiak sobera daude, haren ustez, eta bizi baldintzen okertze prozesuaren aurrean gizarteak erantzun egin behar du. «Patronala ez da erlaxatzen, eta guk ere estutu behar dugu. Pentsioei buruz hitz egiten ari bagara, pentsiodunei esker da; berdintasunaz hitz egiten bada, mugimendu feminista kalean dagoelako da; eta, prekaritateaz hitz egiten bada, sindikatuengatik da».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

<b>Mitxel Lakuntza, atzo.</b> ELAko buruak aldarrikatu du grebak direla akordio onak lortzeko modurik onena. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Azken bi urteetan oinarrizko elikagaien prezioa %25,2 igo dela kalkulatu du ELAk

I. M. E.

Sindikatuko ikerlarien ustez, Hego Euskal Herriko inflazioa %4,1ekoa izango da aurten. Euskal bankuen mozkinak %50etik gora igo dira
Endika Perez LABeko Ekintza Sozialeko arduraduna eta Igor Arroyo koordinatzaile orrokorra, atzo. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Sozietateen gaineko zerga igotzeko garaia dela esan dio LABek Jaurlaritzari

I. V. G.

Salatu du egungo zerga ereduak langileen zama handitzen duela, eta zerbitzu publikoak ahuldu
Trafikoa Donostiako erdigunean. ©Jon Urbe / Foku

Euro 7 urardotu bat onartu dute EBko gobernuek

Iker Aranburu

Proposamenak ez ditu behartuko autogileak beren ibilgailuen motorren CO2 eta NOx isuriak gutxitzera, baina pneumatikoek eta galgek isuritako partikulak gutxitu beharko dituzte. Europako Parlamentuarekin negoziatu beharko dute orain.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.