Servier laborategia zigortu egin dute nahi gabeko hilketagatik

2.718 milioi euroko isuna ezarri diote Mediator sendagaiak eragindako efektuengatik. 180 milioiko kalte ordaina eman behar die biktimei

Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Servier laborategiaren Mediator sendagaia 1976an hasi ziren saltzen Frantzian eta Ipar Euskal Herrian; berez, diabetesa zuten pazienteentzat. Anitz hedatu zen erabilera, eta herritar anitzek gosea kentzeko erremedio gisa erabili zuten. 2009an kendu zuten merkatutik, nahi gabeko efektuengatik eta hainbat heriotzarekin lotura zuelakoan. 5 milioi pertsonak erabili zuten, gutxienez. Espainian eta Hego Euskal Herrian, 2003an kendu zuten merkatutik Modulator sendagaia.

Atzo trenkatu zuen Parisko Auzitegi Korrekzionalak, azken 18 hilabetetan 517 orduko auzia egin ondotik: Servier laborategiak 2.718 miloi euroko isuna ordaindu beharko du, nahi gabeko hilketagatik eta engainu larriagatik. Gainera, biktimei 180 milioi euroko kalte ordaina eman beharko die. 2.000 jenderen heriotza lotu dute Mediatoraren erabilerarekin. Gainera, beste erabiltzaile anitzi bihotzeko balbulen kalteak eragin dizkie, eta biriketako arterietako hipertentsioak. Auzitegiak ebatzi du laborategiak nahitara gorde dituela sendagaiaren nahi gabeko ondorioak.

Parisko Auzitegi Korrekzionalak, bestalde, Jean Philippe Seta laborategiko nagusietako bat zigortu du. Lau urteko espetxe zigorra ezarri diote, gibelapenarekin; 90.600 euroko isuna ordaindu beharko du, eta biktimei milioika euroko kalte ordaina eman beharko die.

ANSM Sendagaien Segurtasunerako Frantziako Agentzia ere zigortu dute, Mediator sendagaia merkatutik lehenago ez kentzeagatik: 225.000 euroko isuna ordaindu beharko du nahi gabeko hilketagatik, eta 78.000 eurokoaarau hausteengatik. Sendagaiaren kontrola huts egin izana egotzi diote Agentziari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.