Errusiako Gobernuak dio gerra «espero moduan» doala

Tren geltoki baten kontrako erasoan 15 lagun hiltzea leporatu dio Kievek Moskuri. Militarrak trebatzeko misio bat sortzea aztertuko du EBk

Ukrainako Independentzia Egunean zenbait herritar kalera atera ziren, atzo, Kieven. ROMAN PILIPEY / EFE.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Moskuren esanetan, «espero moduan» doa otsailean hasitako erasoaldia. Hala baieztatu zuen atzo Sergei Xoigu Errusiako Defentsa ministroak. «Herrialdeko armada lan sistematikoa egiten ari da eskualde liberatuetan bizimodu baketsua ezartzeko», adierazi zuen Defentsa ministroak.

Vladimir Putin Errusiako presidenteak otsailaren 24an iragarri zuen «Ukraina desnazifikatzeko operazio militar berezi bat» egingo zuela, eta, hain justu, operazio hori justifikatu zuen Xoiguk. Haren esanetan, Ukrainak uko egin zion Minskeko akordioak betetzeari, Donbass eskualdeko herritarrak arriskuan jarriz. Horrez gain, Defentsa ministroak adierazi zuen Errusiak «kontzienteki» gutxitu dituela Ukrainaren aurkako erasoak, «biktima zibilik ez izateko».

Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen arabera, ordea, Errusiak tren geltoki bati egin zion eraso atzo, Dnipropetrovsk eskualdean, Ukraina ekialdean. Kieven esanetan, hamabost lagun hil ziren erasoan, eta dozenaka zauritu. Presidenteak Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluan egin zuen Errusiaren aurkako salaketa.

OME Osasunaren Mundu Erakundeak atzo jakinarazi zuen gerra hasi zenetik Ukrainako 473 osasun egoitza, zerbitzu eta azpiegitura bonbardatu dituztela, eta ehun pertsonatik gora hil; eraso horietan zauritutakoak ere ehundik gora dira. OMEren Europarako bulegoko arduradun Hans Klugek gogor gaitzetsi zituen erasook.

Independentzia eguna

Ukraina Sobietar Batasunetik banandu zela 31 urte bete ziren atzo. Baina herrialdean ez zen izan ohiko ospakizunik. Errusiak erasoak gogortuko zituen beldur, herritarrei debekatu egin zieten kalean bilkurak egitea, eta zenbait hiritan etxeratze agindua ezarri zuten, besteak beste, Ukraina ekialdeko Kharkiven.

Gerra ez atzera ez aurrera dagoela ikusita, Europako Batasuna aztertzen ari da Ukrainako militarrak trebatzeko misio bat sortzea —orain arte soilik armak bidali dizkiote Kievi—. Datorren astelehen eta asteartean bilduko dira Defentsa ministroak, proposamena onartu edo ez erabakitzeko.

Zaporizhiako zentral nuklearra da gerrako beste jopuntuetako bat azken asteotan. Errusiako armadak instalazio nuklearra okupatu zuen iragan martxoan. Zentrala Europako handiena da, eta IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak behin baino gehiagotan ohartarazi du haren aurkako edozein erasok hondamendi nuklearra eragin dezakeela.

Arriskua saihesteko, IAEAk ikuskatzaileak bidali nahi ditu zentralera, instalazio nuklearra gainbegiratzeko. Hori dela eta, Rafael Grossi IAEAko zuzendari nagusia Errusiako agintariekin bildu zen atzo, Istanbulen (Turkia). Bertan zen Aleksei Likhatxov, Errusiako Energia Atomikoaren Estatuko Korporazioko burua.

Negoziazioetan hitz egin zutenari buruz ez zuten adierazpenik egin, baina IAEAk jakinarazi zuen datozen egunetan joango dela Zaporizhiako zentrala zein egoeratan dagoen aztertzera, baldin eta Moskuk begiraleen segurtasuna bermatzen badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.