Pentsioen kostuak 800 milioi euroko langa gainditu du Hegoaldean

Pentsioen faktura inoizko handiena da, igoerak gaurkotu eta gero. Pentsiodunek protesta handia egin nahi dute urriaren 1ean

Pentsiodunen protesta, atzo, Bilboko udaletxearen aurrean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Jon Fernandez.
2018ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Gauzatu dira Espainiako Gobernuak 2018rako aurrekontuetan txertatutako neurriak, eta pentsioen gastuak orain arteko marka hautsi du Hego Euskal Herrian: Gizarte Segurantzak 805,5 milioi euro erabili ditu abuztuan Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako pentsiodunei ordaintzeko. Pentsioen fakturak lehengo aldiz gainditu du 800 milioi euroren langa Hegoaldean.

Madrilek azken ordainketan gaurkotu ditu aurrekontuetan onartutako hobekuntzak: pentsioak batez beste %1,6 handitzea, gutxieneko pentsioak beste %3, eta alargunen pentsioaren kalkulurako oinarri likidagarria %52tik %60ra igotzea. Joan den urtarriletik abuztura bitarteko atzerapenak ere gaurkotu ditu azken ordainketan.

Pentsiodunek kobratu berri dituzte gaurkotzeak eta atzerapenak. Hori dela eta, pentsioen gastua Hego Euskal Herrian %3,8 handitu da urte hasieratik. Igoera kolpea, jakina, azken hilabete honetan gertatu da, %2 egin baitu gora kopuruak.

Pentsio orokorra, batez beste, hilean 1.171, 36 euro da, Espainiako Gizarte Segurantzak jakinarazitako abuztuaren 1eko datuen arabera. Urtea hasi zenetik, %2,9 igo da batez besteko pentsioa.

Hego Euskal Herrian 687.676 pentsiodun daude, urte hasieran baino 5.957 gehiago. Pentsiodunen artean, gehien-gehienak erretiratuak dira, 446.267 hain zuzen. Erretiroko pentsioaren batez bestekoa hilean 1.338,33 eurokoa da, eta alargunen pentsioa, hilean 803,40 eurokoa, pentsiodunen mugimenduak aldarrikatzen duen 1.080 euroko gutxieneko pentsiotik dezente behera. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, guztira, 164.948 pertsonak jasotzen dute alargun pentsioa.

Halaber, 89.461 pertsonak pentsio osagarria kobratzen dute, gutxieneko pentsiora ailegatzeko. Nafarroan pentsioa jasotzen duten emakumeen %26,3k behar dituzte osagarriak minimora iristeko; aldiz, gizonezko pentsiodunen %10,7k baino ez. Era berean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, emakume pentsiodunen %17,1ek jasotzen dute pentsio gehigarria gutxienekora heltzeko; gizonezko pentsiodunen artean, %6k.

Bataila irabazteko prest

Pentsiodunak ez daude etsia emateko. «Bataila hau irabazi egingo dugu», aldarrikatu zuten atzo Bilboko udaletxe aurrean elkartutako ehunka pentsiodunek. Gainera, iragarri dute urriaren 1erako seigarren manifestazio handia egin nahi dutela, aprobetxatuz egun horretan adinduen nazioarteko eguna dela.

Hego Euskal Herriko pentsiodunek zortzi hilabete daramatzate mobilizazioetan pentsio duinak eskatzeko, eta, mobilizazio horiei esker, hainbat onura lortu dituzte, 2018ko aurrekontuetan txertatutakoak. Halere, «adabakitzat» jo dituzte hobekuntzok, eta kaleak betetzen jarraituko dute oinarrizko eskaerak bete arte: 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzea, pentsioak KPIaren arabera eguneratzea 2020tik aurrera ere, orain arte pentsioen erreformak baliogabetzea, eta euskal pentsio sistema propioa izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.