Lanera itzuli dira Cables y Alambresen, balizko erosleak erakartzeko

Amaitu dute azken 25 egunez fabrikaren atarian egindako kanpaldia. Enpresa likidatzeko prozesua abian jarri du jabeak, Vicinayk

Josu Abarrategi LABeko ordezkaria, Cables y Alambres aurreko kanpaldian, joan den astean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Iker Aranburu.
2019ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Lantegiaren kanpoaldean 25 egunez egon ondoren, fabrika barrura sartu dira Cables y Alambres enpresako langileak, Erandion (Bizkaia). Lan egitera sartu dira, enpresarekiko konpromisoa dutela erakustera lantegia erosteko interesa izan dezaketenei. Ehundik gora egun daramatzate soldatarik jaso gabe, eta kobratu gabe jarraituko dute lanean.

Enpresa historikoa da Cables y Alambres. 1898an sortu zuten, eta kableak eta alanbreak egiten ditu, besteak beste, igogailu, garabi, arrantzontzi eta offshore industriarentzat. Arlo horretako ekoizlerik zaharrenetarikoa da Europan, eta, 2015. urteaz geroztik, Vicinay Bizkaiko enpresa taldearen barruan dago.

Vicinayk, ordea, amore eman du, galerak dituela argudiatuta. Udan, 122 langileetatik 43 kaleratzeko asmoa azaldu zuen, eta egun batzuk beranduago 35era jaitsi zituen kaleratzeak. Sindikatuek ez zituzten onartu, eta alternatibak bilatzeko eskatu zioten. Proposatu zuten langile batzuek bere borondatez uztea enpresa kalte-ordain handiago baten truke, langileak Vicinay taldearen beste enpresa batzuetara eramatea, eta langile batzuk aldez aurretik erretiratzea. Enpresak ez zituen eskaerak onartu, eta urrunago jo zuen: irailean; konkurtsoa eskatu zuen Erandioko enpresarentzat. Urriaren 8an enpresa likidatzeko prozesua abiatu zuen: lantegiaren jarduera eten zuen, zuzendaritza guztia kargugabetu zuen, eta kudeaketa konkurtsoaren administratzailearen esku utzi zuen.

Administratzaile horrekin berarekin bildu ziren astearteanlangileen ordezkariak, eta, horren ondoren, atzo egindako batzarrean erabaki zuten lanera itzultzea. Lehen urrats gisa, irailaren 27an lantegiaren atarian jarritako kanpamentua kendu egin dute. Horren bidez eragotzi nahi zuten Vicinayk fabrika makinez eta beste materialez hustea.

«Bezeroen poltsa handia»

Bigarren urratsa izan da lanari berriro ekitea. Keinu horren helburua da balizko erosleei erakustea enpresaren bideragarritasunean sinisten dutela. «Kable ekoizle bakarrak gara Espainiako Estatuan, eta bezeroen poltsa handia dugu», azaldu dute, agiri baten bidez.

Baliteke enpresaren eta langileen geroa hirigintza operazio bati lotuta egotea. Izan ere, Cables y Alambres Ibaizabalen itsasadarraren lehen lerroan dago, etxeak egiteko interesgarri izan daitekeen leku batean. Lur horretan etxebizitzak egin ahal izateko, Erandioko Udalak birkalifikazio prozesu bat martxan jarri du.

Langileek azpimarratu dutenez, hartzekodunen konkurtsoak zuzen-zuzenean eragiten die instalazioei eta lantegiaren lurrei. Erakundeei esku hartzeko eskatu diete, haiek ere izan dutelako zeresana enpresaren oraingo egoeran. Izan ere, 2015ean, Vicinay taldeak Cables y Alambres erosi zuenean, Eusko Jaurlaritzarekin eta Bizkaiko Aldundiarekin ere tratua egin behar izan zuen, haiena baitzen orubea, Socaderen bitartez. Lurraren erosketa Finantzen Euskal Institutuaren mailegu bati esker egin zuen Vicinayk, baldintza batekin: fabrikaren jarduerari eutsi beharko ziola, gutxienez 2020. urtera arte. Epe hori agortu aurretik lurra guztiz bereganatu zuen Vicinayk, 2018ko abenduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.