Albistea entzun

Auzitegi Gorenak ere indarrik gabe utzi ditu Zener Plusen 65 kaleratzeak

Ez du onartu Erandioko telekomunikazio enpresak jarritako helegitea. Iaz eginiko kaleratzeak dira, konfinamenduaren lehen bi asteetan
Zener Pluseko langileek eskegitako pankarta bat, kaleratuak berriz kontratatu ditzatela eskatuz.
Zener Pluseko langileek eskegitako pankarta bat, kaleratuak berriz kontratatu ditzatela eskatuz. CCOO Tamaina handiagoan ikusi

Imanol Magro Eizmendi -

2021eko urriak 6 - Bilbo

Pandemia garaian eginiko kaleratze kolektiboen inguruko ebazpenak irteten hasiak dira Auzitegi Gorenean. Atzo indargabe utzi zituen Zener Plus Erandioko (Bizkaia) telekomunikazio enpresak iazko udaberriko itxialdian eginiko kontratu eteteak. EAEko Auzitegi Nagusiak gauza bera ebatzi zuen iazko azaroan, CCOO sindikatuak hasitako auzibideari arrazoia emanez. Enpresak helegitea jarri zion ebazpen horri, eta Gorenak ez du onartu. Horiek hala, enpresak kaleratu asmo zituen 65 langileek beren eskubideak aldarrikatu ahal izango dituzte.

Tubacexeko eta PCBko lan erregulazioen kasuek jarri zuten lupa Auzitegi Gorenaren gainean. Hala ere, haiena ez zen izan EAEko Auzitegi Nagusiak indargabetu zuen pandemia garaiko lehen kaleratze kolektiboa. Aurretik, besteak beste, Zener Plusek lantaldean eginiko murrizketa epaitu zen, eta ia 11 hilabete geroago iritsi da Auzitegi Gorenaren berrespena. Zener Plusek banakako 65 kaleratze egin zituen itxialdiaren lehen bi asteetan, eta, epaileen ustez, erabaki hori «neurriz kanpokoa» eta «bitxia» da. Are gehiago, ebazpenaren arabera, kaleratze horien arrazoia frogatzen ere ez zen saiatu enpresa.

Zener Plus 180 langileko enpresa bat da, eta Masmovil eta Vodafone komunikazio enpresei ematen die zerbitzua: haien sareen instalazioa eta mantenua egiten du. Iaz, martxoaren 16a eta apirilaren 3a bitartean, 65 langile kaleratu zituen, eta banaka-banaka eman zuen haien berri. Gogoratzekoa da Espainiako Gobernuak ezarritako itxialdia martxoaren 15ean hasi zela, eta ekainaren 21era arte iraun zuela. Bada, itxialdiko lehen bi asteetan, kontratu mugagabedun 34 langile kaleratu zituen diziplina arrazoiengatik, froga garaian zeuden 25 langileren kontratua ez zuen berritu, eta behin-behinean zeuden sei langileren kontratua behar baino goizago eten zuen.

Iturri sindikalen ustez, ezkutuko erregulazio bat egin zuen, eta data haietan ezin zen halakorik egin. Are gehiago, iazko apirilaren 2an Zenerrek aldi baterako erregulazio bat jarri zuen indarrean, eta langileak kaleratzen jarraitu zuen. CCOOk apirilean izan zuen banakako kaleratze andanaren berri, eta salaketa jarri zuen kaleratze kolektibo gisa tratatu behar zelakoan. Hasieran akordio bat lortu zuen enpresarekin, hala nahi zuten kaleratuak itzul zitezela adostuz, baina, hori betetzen ez zela ikusita, CCOOk aurrera jarraitu zuen auzibidearekin.

Eta orain zer?

65 kaleratuek, orain, beren eskubideak aldarrikatu ditzakete. 30 inguru azaroan itzuli ziren lanera, EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren ondoren, eta, ondo bidean, beren lanpostua ziurtatuta izan beharko lukete. Besteek ez zuten itzuli nahi izan, hainbat arrazoirengatik. Iturri sindikalen arabera, guztiek tramitazio garaiko soldatak eta langabezia ordainsariak erreklamatu ahal izango lituzkete, bai behintzat azarora artekoak. Espainiako Gobernuak ere gauza bera egin dezake, SEPEk ordaindu baitzuen kaleratuen langabezia saria.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Ertzaintzak eragindako zaurietako batzuk. / ©LAB Ezkerraldea

Ertzaintzak lau grebalari zauritu ditu metalgintzako piketean

Imanol Magro Eizmendi

Arteako Pekos Fabricacion lantegiaren aurrean izan da oldarraldia. Sindikatuek elkarretaratzera deitu dute 17:00etarako, indarkeria gaitzesteko.

Prentsaurrekoaren ostean LABek egindako argazkia, Adegiren egoitzaren atarian. ©BERRIA

Bizitzaren garestitzeari aurre egiteko hitzarmenaren alde borrokatuko da LAB Gipuzkoako metalean

Iñaut Matauko Rada

Abenduaren 31n iraungiko da Gipuzkoako metalgintzako hitzarmena, eta LABek prentsaurrekoan adierazi du sektoreak dituen beharrei aurre egingo dien hitzarmen baten alde borrokatuko dela.

Artxiboko argazkia. ©Marisol Ramirez / FOKU

Langile bat hil da Berriobeitiko Saint Gobain Abrasivos enpresan

Iñaut Matauko Rada

Lanera sartzen ari zela, ondoezik sentitzen hasi da 56 urteko langilea, eta hil egin da.

Anton Arriola, Kutxabankeko lehendakari berria. ©Kutxabank.

Kutxabankek presidente berria du, baina ez du aldatuko estrategia nagusia

Iker Aranburu

Anton Arriola durangarrak ordezkatu du Gregorio Billalabeitia. Kutxabanken «berezitasunari» eta errotzeari eutsiko diola ziurtatu du presidente berriak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.