NBE: «Gerra krimentzat jo daitezke Yemengo gerrako bi aldeen delituak»

Erakundeak bereziki azpimarratu ditu Saudi Arabia buru den koalizioaren erasoak. Hiru urtean, 6.660 zibil hil dituzte, eta 10.563 zauritu

Yemendar bat zaborrez beteriko zingira baten ondoan, Sanaa hiriburuan, iragan igandean. YAHYA ARHAB / EFE.
ander perez zala
2018ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundeak 2015. urtean hasi zen Yemengo gerrari buruzko ikerketa baten emaitzen berri eman du, hiru urteko lanaren ostean. Ondorioak argiak dira: Saudi Arabiako, Arabiar Emirerri Batuetako, Yemengo Gobernuko eta matxino huthien hierarkiako goi mailako zenbait norbanakok —hau da, bi aldeetako norbanakoek— nazioarteko legedia urratzen duten krimenak egin dituzte urteotan. Delitu horiek, erakundearen ustetan, gerra krimentzat jo daitezke, baina behin betiko izaera eta akusazioak zehaztea nazioarteko auzitegi baten esku utzi du, emaitzak hiru ikerlarik egindako txosten baten ondorio baitira.

Denera, bi aldeek 6.660 zibil hil eta 10.563 zauritu dituzte 2015eko martxoaren eta 2018ko abuztuaren artean; ordea, ikerlariek ohartarazi dute kopurua «askoz ere handiagoa» izan litekeela. «Ez dugu aurkitu bi aldeak hildakoen kopurua gutxitzen saiatu direlako frogarik. Giza duintasunari lehentasuna emateko eskatzen diet [bi aldeei]», adierazi zuen atzo Kamel Jendubi Yemeni Buruzko Nazioarteko eta Eskualdeko Adituen taldearen presidenteak, ikerketaren ondorioen berri ematean. NBEko ikertzaileek krimen hauek aurkitu dituzte: atxilotze arbitrarioak, desagertzeak, torturak, sexu bortizkeria, adingabeak erreklutatzea —11 eta 17 urte artekoak— eta hilketak, adibide batzuk aipatzearren.

Horiek horrela, Saudi Arabia buru duen koalizioa da «biktima zibil gehienen zuzeneko erruduna», txostenaren arabera. Aireko bonbardaketen bidez, koalizio horrek «jendea bizi zen guneei, merkatuei, hiletei, ezkontzei, zibilen barkuei eta ospitaleei» egin die eraso, eta NBEk «zalantza handiak» ditu estrategia militar horrekin. Adibide horietako bat da Yemen iparraldean haurrak zeramatzaten hiru autobusi abuztuaren 10ean egindako bonbardaketa: 50 hil eta 77 zauritu zituzten. Saudi Arabiako agintariek, ordea, «zilegitzat» jo zuten erasoa, eremua huthien kontrolpean dagoelako; joan den ostegunean ere, koalizioak hogei haur hil zituen, gerragatik «gehien sufritzen ari direnak», ikerlarien arabera. Riadek, ordea, huthiei egotzi zien errua.

Zuzeneko eraso horiez gain, NBEk salatu du portuak eta aireportuak blokeatu dituztela. Sana hiriburuko aireportua eta hegoaldeko al-Hudaidaheko portua dira nazioarteko laguntza eta inportazioak jasotzeko gune garrantzitsuenak, eta koalizioak erabat blokeatu ditu, eta oztopoak jarri dizkio laguntza humanitarioari. «Beharrezko pausoak emateko eskatzen diet, herritarrek laguntza jaso dezaten», galdegin zuen Jendubik.

Janaria lortzeko zailtasunak

Aurtengo apirilerako, 17,8 milioi zibilek janaria lortzeko zailtasunak zituzten, eta 8,4 milioi gosete baten atarian daude, blokeoan ondorioz. Ordea, NBEk salatu zuen guztia «are gehiago okertu» daitekeela, egungo giroa aldatu ezean.

Yemengo gerra 2015. urteko martxoan hasi zen, Saudi Arabiak bonbardaketak hasi zituenean. Esku sartze hori huthien garaipen bati erantzuteko egin zen: 2014an, Sana hiriburuaren kontrola lortu zuten, eta herrialdeko presidente Abdrabbuh Mansur Hadik Saudi Arabiara ihes egin behar izan zuen laguntza eske.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.