Pedro Sanchezek ez ditu dekretuz aldatuko enplegu eta pentsio erreformak

Gutxieneko babes politikorik gabe, PSOEren gobernuak iragarri du ez dituela «alde bakarrez» aldatuko PPren garaiko bi erreforma handiak

Pedro Sanchez Espainiako presidentea eta Magdalena Valerio Lan ministroa, Madrilen, otsailaren 19an. KIKO HUESCA / EFE.
Jon Fernandez.
2019ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Denboraren pertzepzioa aldatu zaio Espainiako Lan ministroari astebetean. «Oraindik badauzkagu egunak», zioen Magdalena Valeriok joan den martitzenean, iradokiz PSOEren gobernuak azken bi Ministro Kontseiluak erabiliko zituela PPren garaiko pentsioen erreformaren eta lan erreformaren neurri gakoak aldatzeko errege dekretu bidez. Baina atzo, zortzi egun geroago, kontrakoa aitortu zuen Valeriok, Pedro Sanchezen gobernuak ez dituela PPren pentsioen erreforma eta lan erreforma aldatuko dekretu bidez eta «alde bakarrez» etziko Ministroen Kontseiluan, martxoaren 5ean Espainiako Kongresua eta Senatua desegin aurreko azken gobernu bileran.

Joan den astean egingarri iruditzen zitzaiona gertagaitza begitantzen zaio asteon. Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara apirilaren 28rako deitzeak erlojuaren kontrako lasterketa legegile bat abiatu du, baina agortzen ari dira denborak, eta arrazoia argia da: praktikan hauteskunde kanpainan sartuta daude alderdi politiko guztiak, eta oso zaila da adostasunak lortzea. Hala, Mariano Rajoyren 2013ko pentsioen erreforma eta 2012ko lan erreforma ez dituzte legealdi honetan aldatuko. «Gobernuak ez dauka borondaterik erreformen moldaketak alde bakarrez onartzeko», azaldu zuen Valeriok.

Diputazio Iraunkorra

CCOO eta UGT sindikatuek presio egin zioten joan den astean PSOEren gobernuari, bi erreformen aldaketak lehenbailehen onar zitzan martxoaren 5a baino lehen. Horrelakorik egin ezean mobilizazioak egingo zituztela ere iragarri zuten. Atzo, ordea, presioa arindu zioten Madrilgo gobernuari, ikusirik dekretuok ez luketela izango babes politiko nahikorik. Jose Alvarez UGTko idazkari nagusiak esan zuen «denbora pixka bat gehiago» beharko dela.

Denbora, nolanahi ere, ez doa aldaketaren alde, kontra baizik. PSOEk zigilu banarekin aldatu nahi zituen erreformak: Toledoko Ituneko alderdien adostasunarekin pentsioena, eta elkarrizketa sozialerako mahaiarenarekin lan erreformarena. Baina bi foroek egin diote kale. Gainera, CEOE patronala ere presio egiten ari da alderdi politikoei, esanez legerik ez egiteko «erlojuaren kontra».

Gakoa Espainiako Kongresuaren Diputazio Iraunkorreko indar korrelazioan dago. Behin ganberak deseginda, Diputazio Iraunkorrari dagokio «beharrizan premiatsuko» dekretuak berrestea edo atzera botatzea. Diputazio Iraunkorra Kongresuko 65 diputatuk osatzen dute, eta 33 boto behar dira gehiengoa lortzeko: PPk, Ciudadanosek eta UPNk 32 ordezkari dauzkate, gainontzeko 33ak Pedro Sanchez zentsura mozioarekin gobernura eraman zuten alderdien batura da. Halere, zentsura mozioaren gehiengoa errepikatzea oso zaila da orain, hauteskundeen atarian.

PPren bi erreformak aldatzeko dekretu izarrik gabe, Lan ministroak beste neurri batzuk eramango ditu etziko gobernu bilerara, lan merkatuari lotutakoak: besteak beste, emakumeen eta gizonen arteko soldata arrakala txikitzeko dekretua, zeinak enpresak langileen soldatak erregistratzera behartuko baititu; eta amatasun eta aitatasun baimenak «parekatzeko» neurrien dekretua ere onartuko du bilerak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.