Dieselaren krisiak geldialdi gehiago eragin ditu Mercedes Gasteizen

4.300 ibilgailu gutxiago ekoitziko dituzte orain. Gaueko txanda ordu erdi murriztuko dute, eta hamabi gautan ez dute lanik egingo
Behargin bat lanean, Mercedesek Gasteizen duen plantan.
Behargin bat lanean, Mercedesek Gasteizen duen plantan. RAUL BOGAJO / FOKU

Xabier Martin -

2019ko uztailak 30
Dieselaren gainbehera gogor jotzen ari da Gasteizko Mercedesen. Hil honetako bi larunbatetan (13an eta 20an) egindako lanaldien etenak ez dira azkenak izango, irailerako geldialdi gehiago iragarri baititu zuzendaritzak. Furgoneten merkatua nabarmen apaltzen ari da, ibilgailu mota horren erregai nagusia gasolioa delako, eta, Mercedesen plantan, Vito modeloari eragiten ari zaio auzia, oso modu esanguratsuan. Hala, Gasteizko zuzendaritzak iragarri du gaueko txanda ordu erdi murriztuko duela aurrerantzean, eta, horrez gain, gaueko hamabi lanaldi bertan behera utziko dituela urtea amaitu arte.

Iruñeko Volkswagenekin batera Euskal Herriko fabrika handiena denak —biek dituzte 5.000 behargin inguru— 148.000 ibilgailu ekoitziko zituztela aurreikusi zuten, baina, merkatuaren motelaldia tarteko, 143.700 izango dira, urtea amaitu aurretik doikuntza gehiago ez badira behintzat. Zuzendaritzak esan dio langile batzordeari gaueko txanda ez dela egingo irailaren 12an, 13an, 19an, 20an, 26an eta 27an; ez da jarduerarik egongo ez muntaketa gordinean, ez margoketan, ezta azken muntaketan ere. Bestela, zazpi orduko lanaldia zena, sei eta erdikoa bihurtuko da.

Eta enplegua zer?

Urrian beste bi gautan geratuko dute ekoizpena, eta azaroan beste lautan, baina egun horiek batzordeak eta zuzendaritzak zehatuko dituzte, bilera egin ondoren, irailaren erdialdean. Ikusteko dago nola gauzatzen dituzten ekoizpenaren geldialdi horiek, urteko murrizketa osoak lan hitzarmenak jasotako malgutasun mekanismoa gainditzen baitu.

Gauzak horrela, zalantzak sortzen ari dira enpleguari dagokionez; Clase V modeloaren eskaerak ez dira jaitsi, baina Vitorenak bai, eta 2019. urteak fabrikaren jardueran ekarri duen doikuntza ikusita, kolokan jartzen hasi da aldi baterako kontratua duten langileen geroa. Zuzendaritzak esan dio langile batzordeari hilez hil aztertuko duela merkatuaren eboluzioa, baina lasaitasun mezu bat igorri dio kontratu finkorik gabe ari diren 500 langileei dagokienez. Enpresak jakinarazi du mota horretako «kontratu gehienak» berrituko dituela. Multzo horretako behargin askori abuztuan bukatzen zaie kontratua, baina gehienek jarraituko dutela dio zuzendaritzak.

2019. urtea abiatu bezain laster hasi ziren arazoak Gasteizko Mercedesen. Kutsadurari aurre egiteko saio betean, asko zabaldu dira dieselaren aurkako politikak Europan, eta horrek isla izan du diesel furgoneten salmentan, nahiz eta modelo batzuei besteei baino gehiago eragin dien; Sprinter modeloa, adibidez, gehiago saltzen da orain; Dusseldorfen (Alemania) ekoizten dute. Gasteizko plantan, berriz, zuzendaritzak apirilerako iragarri zuen 4.000 ibilgailu gutxiago egingo zirela, ekoizpena 148.000 ibilgailutan utzita. Orain 143.700era argaldu du kopuru hori, Vito modeloaren eskaerak gero eta apalagoak baitira.