Nafarroako 33 autobus enpresa zigortu dituzte, kartel bat osatzeagatik

CNMC Espainiako lehia arautzaileak 3,36 milioi euroren isuna jarri die, eskoletako zerbitzua banatu zutelakoan. Enpresek salaketa ukatu dute

Haurrak eskolarako autobusean, Sarrigurenen, artxiboko irudian. IÑIGO URIZ / FOKU.
Xabier Martin - Iker Aranburu
2020ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Ikasleen garraioan aritzen diren 33 autobus enpresari 3,36 milioi euroko isuna jarri die CNMC Espainiako lehia arautzaileak, eta beste 15.000 euro enpresa horiek sortutako ANET Nafarroako Garraio Enpresen Elkarteari. Horrez gain, autobus enpresa horiek ezingo dute lan egin aurrerantzean ikasleak eramaten, frogatutzat jo duelako kartel bat osatu zutela 2013tik 2018ra, Nafarroako Hezkuntza Sailaren lehiaketan banatzeko. Zigorrik handienak Condak eta Burundesak jaso dituzte.

Agiri baten bidez, garraio enpresek ukatu egin dute lehiaren aurkako ezer egin dutela. Haien iritziz, Nafarroako Gobernuak gertatutakoa «oker interpretatu» du, eta hori da ikerketak erakutsitako bakarra. Autobus konpainiek ohartarazi dute isuna ordaindu behar izateak haietako asko ixtera behartuko dituela, jada «egoera oso kritikoan» baitaude. Itxialdian ez zuten lanik egiterik izan, eta, orduz gero, aisialdiari eta kirolari lotutako zerbitzu gehienak bertan behera geratu dira.

Salaketa

Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleen garraioan aritu ziren legearen aurka zigortutako 33 enpresa horiek. 2019-2020ko ikasturtean, esaterako, 115 eskolatako 14.498 ikasle garraiatu dituzte lehiaketa horien bidez kontratuak lortutako autobus enpresek. Zortzi urtean ibilbideak banatu zituzten enpresek, legez kontrako akordio baten bidez, betiere lan karga bermatzeko.

CNMCk dio garraio sorta bat lehiaketan ateratzen zenean, enpresa bakarrak aurkeztu zuela hautagaitza, eta beste hainbat ez zirela agertzen, «ibilbide horiek bere gain hartzeko gaitasuna izan arren». Egin izan balute, prezioek behera egingo zuten, baina enpresa bakarra uztean beti lehiaketan, hark finkatzen zuen salneurria. «Karteleko enpresek zortzi urtean banatu zituzten aukeratutako ibilbideak, txandak eta konpentsazioak ezarriz, lan karga eta prezioak ziurtatzeko».

Isuna ordaintzea arazo handia izango da autobus enpresentzat, baina ez da txikiagoa izango CNMCk ezarritako beste zigorra. Izan ere, martxan jarri du administrazioak berriz kontratatzea debekatzeko prozedura, erabaki zigortzailea Espainiako Kontratazio Publikoaren Kontsulta Batzordera igorriz.

Zigorraren aurkako helegitea Espainiako Auzitegi Nazionaleko administrazio alorrean aurkeztu ahal izango dute isuna jaso dutenek. Hala egingo dutela iradoki dute.

Aurrekariak

Ez da lehen aldia lehiaren aurkako erakundeek autobus konpainiak zigortzen dituztela. Lehiaren Euskal Agintaritzak milioi bat euroko isuna jarri zien 2017an Avitrans Gipuzkoako autobus enpresen elkarteari eta hemezortzi autobus enpresari, 1988tik 2015era bitartean kartel bat osatu zutelako lurraldeko garraio merkatua haien artean banatzeko.

Urtebete lehenago, berriz, Lehiaren Euskal Agintaritzak ikastetxeetan jangela zerbitzuak ematen dituzten zazpi catering enpresa zigortu zituen, hamar urtez merkatua banatu zutela frogatutzat jo baitzuen. 18,4 milioi euroren isuna ezarri zien, baina gerora 7,3 milioira murriztu zuen EAEko Auzitegi Nagusiak .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.