Albistea entzun

Europatik kanpoko enpresen esku hartzea mugatuko du Bruselak

Laguntza publikoak jasotzen dituzten konpainiek eginiko inbertsioak debekatu ahal izango ditu, lehia desitxuratzen dutela uste badu
Margrethe Vestager Europako Batzordeko Lehia komisarioa, atzo Bruselan eginiko agerraldian.
Margrethe Vestager Europako Batzordeko Lehia komisarioa, atzo Bruselan eginiko agerraldian. YVES HERMAN / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Jokin Sagarzazu -

2021eko maiatzak 6

Europako enpresak eta merkatua babesteko urratsa egin du Bruselak, eta azken urteetan esku artean zeukan asmo bat mamitu du. Aukera gehiago izango du Europan jarduten duten kanpoko enpresak kontrolatzeko, horien atzean estatuak daudenean. Batzordeak uste du konpainia horiek, jasotzen dituzten laguntza publikoak direla-eta, Europako barne merkatua distortsionatu eta lehia desitxuratu dezaketela, kontinentekoen kaltetan. Egitasmoa atzo aurkeztu zuen Margrethe Vestager-ek, Batzordeko presidenteorde eta Lehia komisarioak. «Oso garrantzitsua da baldintza berdintasuna bermatzea garai zail hauetan, Europako ekonomiaren susperraldia babesteko», azpimarratu zuen.

Batzordeak bere egitasmoan ez du esplizituki aipatzen Txina, baina agerikoa da neurri horren bitartez Bruselak mugatu egin nahi dituela herrialde horretako enpresek azken urteetan Europan egindako erosketak eta bestelako mugimenduak. Adibidez, Txinako kapital publikoarekin hainbat negozio erosi dituzte, logistikaren arlokoak bereziki; besteak beste, Grezia, Espainia eta Italiako portu batzuetako azpiegiturak.

Gainera, pandemia dela eta, Bruselak bere burua behartuta ikusi du bere estrategia industriala berrikustera; besteak beste, osasun krisiak agerian utzi duelako Asiarekiko mendekotasun handia duela funtsezko produktu batzuetan; azken adibidea autogintzaren sektorekoa da, txip elektronikoen faltagatik produkzioa mantsotu edo eten behar izan baitute Europako lantegi batzuek.

Brusela eta Pekinen artean tentsioa handitu den garai batean iritsi da, beraz, Vestagerren iragarpena. Gainera, 2020ko azken-aurreko egunean iragarritako merkataritza akordioa berresteko daukate oraindik. Testuinguru horretan, fitxa mugimendu gisa uler daiteke Bruselaren egitasmoa, baina testuan Batzordeak azaldu du haratago doala, laguntza publikoak jasotzen dituzten enpresen auzian irtenbide multilateral bat lortu nahi duela. 2020ko urtarrilean, AEBekin eta Japoniarekin adostu zuen arau horiek indartzea Munduko Merkataritza Erakundearen esparruan, baina «zentzuzko denbora batean irtenbide multilateral bat aurkitzea zaila denez», Bruselak bere kabuz jokatzea erabaki du.

Kontrola eta isunak

Araudia indarrean jartzen denean, Batzordeak enpresen erosketa edo bat egite guztiak jakinaraztera behartuko du, Europatik kanpoko enpresa bat dagoenean inplikatuta eta horrek azken hiru urteetan 50 milioi euro edo gehiagoko laguntza publikoak jaso baditu. Horrez gain, Europan eskuratuko duen enpresaren fakturazioa gutxienez 500 milioi eurokoa izan beharko du. Batzordeari jakinarazi beharko zaio, halaber, kontratazio publikoko prozeduretan, laguntza publikoak jaso dituzten Europatik kanpoko enpresak daudenean tartean eta lehiaketa publikoak 250 milioi euroko edo gehiagoko balioa duenean.

Bi kasu horietan, batzordeak gaitasuna izango luke ofizioz ikerketa bat hasteko eta kautelazko neurriak hartzeko, baldin eta diru laguntza bat merkatua desitxuratzen ari den zantzuak baditu eta uste badu merkatuan kalte egiteko arrisku larria dagoela. Halaber, fakturazioaren %10erainoko isunak ezartzeko aukera izango luke.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jaurlaritako kideak, gaurko gobernu kontseiluaren ostean. ©David Aguilar (Efe)

Eusko Jaurlaritzak %50 handituko ditu inbertsioak 2022an

Jokin Sagarzazu

Inoiz baino diru gehiago gastatuko du datorren urteko aurrekontuetan: 13.108 milioi euro. «Susperraldi ekonomikoa» bultzatzea izango du xede. Aurtengo eta datorren urterako hazkunde aurreikuspenei eutsi die Azpiazu sailburuak.

Butano banatzaile bat, bezeroen zain kalean. ©Juan Carlos Cardenas / EFE

Bonu sozialaren onuradunek 90 euro jasoko dituzte gasa ordaintzeko

Imanol Magro Eizmendi

Hego Euskal Herriko energia kontsumitzailerik zaurgarrienek argindar fakturan %70erainoko laguntza jaso ahal izango dute negu honetan. 68.759 dira bonu sozialaren babesean dauden etxebizitzak.

Enrique Maia, udaletxean, iragan uztailaren 6an ©Jesus Diges / EFE

Enrique Maiaren ustez, «oso larria» da finantzaketa eredua aldatzea

Joxerra Senar

Iruñeko alkatearen iritziz, Iruñeak hiritartasun gutuna izateagatik jaso ohi duen milioi kopurua galtzea «urratu handi bat».

Gaur Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan egindako elkarretaratzea. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Enplegu publikoak finkatzeko eskatu du ELAk

Irune Lasa

Langile publikoak mobilizazioetan dabiltza gaur Hegoaldeko hiriburuetan. Euskal alderdiei dei egin diete, boto erabakigarria dutelako Madrilen.  

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.