Langile publikoen legea baztertzeko eskatu diete «euskal alderdiei»

Gehiengo sindikalak uste du autogobernuaren aurkako erasoa dela. Dekretua asteazkenean bozkatuko dute Espainiako Kongresuan

Beharginen protesta bat, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. RAUL BOGAJO / FOKU.
jokin sagarzazu
2021eko uztailaren 17a
00:00
Entzun
ELA, LAB, Satse, Steilas eta ESK sindikatuek Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten «euskal alderdiei» eskatu diete enplegu publikoaren dekretuaren aurka egiteko hurrengo asteazkeneko bozketan. Ohartarazi diete aurrera ateratzen bada «milaka langileren kaleratzeak babestuko» dituztela. Era berean, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu diete neurria publikoki arbuiatzeko eta auzitara jotzeko, hor jasotakoak autogobernuaren aurkako «erasoa» direlako.

Bost sindikatuek deituta, ehun bat lagun mobilizatu ziren atzo eguerdian, Bilbon: agiri bat irakurri zuten, eta protestak iragarri zituzten datorren asterako. Espainiako Gobernuak CCOO, UGT eta CSIF sindikatuekin adostu ditu dekretuaren edukiak. Enplegu publikoaren behin-behinekotasuna murriztea dute xede, %8tik behera jartzeko, Europako Batasunak eskatu moduan.

Bereziki deigarria da Hego Euskal Herriko administrazioen egoera. Sindikatuen arabera, beharginen %40 behin-behineko kontratuekin dago, 60.000 langiletik gora. Haiek ere uste dute egoera eutsiezina dela, baina azpimarratu dute Madrilek proposatutakoak ez duela arazoa konpontzen: «Langileen prekarizazioak eta azpikontratazioak berdin jarraituko du, sektore publikoaren pribatizazioaren aurreko urrats gisa».

Administrazioko egungo behin-behinekotasun tasa handiak lotura zuzena du aurreko hamarkadako krisi ekonomikoaren ondorioekin: sindikatuek gogorarazi dutenez, urteotan aldi baterako kontratazio formulak ugaritu egin dira, eta apenas egin den lan eskaintza publikorik, Espainiako Gobernuak erkidegoei eta udalei ezarritako debeku eta mugengatik, besteak beste.

Madrilen «menpe»

Horietako bat azpimarratu dute, birjartze tasari lotutakoa. Espainiako Gobernuak ezartzen du funtzionarioek erretiroa hartu ondoren hutsik utzitako zenbat eta zein postu bete behar diren langile finkoekin; horietako asko konkurtsora atera gabe geratu dira, eta behin-behinekotasuna handitu egin da. Sindikatuek gogorarazi dutenez, dekretu berriarekin erabaki horrek Madrilen esku jarraituko du: «Espainiako Estatuak gure herrialdean behar ditugun langile publikoen kopurua ezartzen eta mugatzen jarraituko du».

Erakundeok salatu dutenez, dekretuak, halaber, ez du neurri berezirik jasotzen oposizioetara aurkezten diren behin-behineko langileentzat. Gogorarazi dute horietako askok hamar urtetik gora daramatzatela egoera horretan, eta haiek bete duten postua konkurtsora ateratzean, gainerako hautagaiak bezala lehiatu beharko direla, orain arte bezala. Horrekin batera, salatu dute kanpoan geratzen direnentzako kalte ordainak ere eskasak izango direla. «Behin-behinekotasunaren abusua jasan duten langile horiei ez zaie benetan bermatzen poltsetan sartzea, ezta urteko 20 eguneko kalte ordaina ere».

Oposizioei begira, aldaketa bakarrenetakoa eskaintza orokorretan izango da: esperientziak orain arte baino balio handiagoa izango du (%40), baina sindikatuek uste dute horrek ez duela konpontzen oinarrian dagoen arazoa. Jaurlaritzak ere egina du saioa deialdi berezituak egiteko zortzi urtetik gorako antzinatasuneko langileek soilik azterketa teorikoa egin dezaten, baina Auzitegi Konstituzionalak galaraziak ditu gisa horretako neurriak, konkurrentzia askearen oinarrizko printzipioaren kontrakoak direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.