Pentsioetako amatasun plusa bi gurasoetako batek jaso ahalko du

jokin sagarzazu
2021eko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak iragarri duenez, bi gurasoetako batek, berdin dio zeinek, jaso ahalko du amatasun osagarria euren pentsioetan. Hori da pentsioen erreforman sartuko duen beste neurrietako bat. 2016tik dago indarrean osagarri hori, amentzat bakarrik, biologikoa izan zein ez. Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak neurriak beste gurasoa diskriminatzen duela ebatzi ostean erabaki du gobernuak diru laguntza hori zabaltzea.

Egungo legeak erretiro pentsioaren osagarri bat ematen die seme-alaba biologikoak edo adoptatuak izan dituzten emakumeei. Aldaketa indarrean jartzean erretiroko, alarguntzako edo ezintasun iraunkorreko prestazioren bat aitortuta duten bikotekideek ere pentsioa handitzea eskatu ahal izango dute arrazoi horrengatik. Bi gurasoek, baina, ezingo dute prestazioa aldi berean kobratu.

Amatasun plusak pentsioen zenbatekoak handitzen ditu seme-alaba kopuruaren arabera: %5 bi izanez gero; %10 hiru izanez gero; eta %15 lau edo gehiago izanez gero. Gizarte Segurantzaren kalkuluen arabera, batez beste 50-60 euro dira hilean.

Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroak azaldu duenez, neurri hori indarrean jartzeko oposiziorik ez du izan gobernuak, eta ziur da aurrera egingo duela. Zailago izango du adostasuna lortzea pentsioen erreformako beste puntu batzuetan, hala nola nola kotizazio urteak luzatzeko, nahitaezko erretiroak eta erretiro partzialak amaitzeko edota erretiro aurreratuak gogortzeko asmoetan. Sistemaren iraunkortasuna lortzea du helburu datorren erreformak, eta bide bat da gastuak doitzea. Atzo jakin zen historian lehen aldiz 10.000 milioiren kostuaren langa gainditu duela hilabete batean. Demografiak dio pentsiodunen kopurua nabarmen handituko dela datozen urteetan.

Hala gertatu da 2020an ere, pandemiak pentsiodun askoren heriotza eragin arren. Horrela,Hego Euskal Herrian 701.005 pentsio ordaindu zituen Madrilek, urtebete lehenago baino 1.574 gehiago. Kostu totala 881,6 milioi euro da, %3,3 gehiago. Neurri berean hazi da pentsiodunek jasotzen duten batezbestekoa: 1.257,7 euro, 37,3 euroko igoera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.