Lehen autolikidazioak bihar iritsiko dira gipuzkoarren etxeetara

Datorren astelehenetik aurrera onartu ahal izango dituzte zergapekoek. Hilaren 15ean hasiko da aitorpen mekanizatuak egiteko epea
Jokin Perona, Jabier Larrañaga eta Yolanda Dominguez, atzo, Donostian.
Jokin Perona, Jabier Larrañaga eta Yolanda Dominguez, atzo, Donostian. GFA

Irune Lasa -

2019ko apirilak 2
Ekonomiaren bilakaera onaren ondorioz, zenbaki onak espero ditu Gipuzkoako Ogasunak 2018. urteari dagokion errenta kanpainatik. Zure ekarpena, guztion onura leloarekin abian jarri duen kanpainan 380.000 aitorpen izango direla aurreikusten du Gipuzkoak. Aitorpenen %66tan itzulketa egin beharko du ogasunak, eta itzulitako kopurua batez beste 1.047 eurokoa izango da, iaz baino 27 euro gehiago. Ordaindu behar dutenen kasuan, 2.020 eurokoa izango da batez besteko ordainketa, iaz baino 72 euro txikiagoa.

Atzodanik, Gipuzkoako Aldundiaren webgunean ikusgai daude autolikidazio proposamenak (250.000 inguru). Bihar hasiko da bidalketa, eta datorren astelehenetik aurrera, apirilak 8, onartu ahalko dira. Errenta mekanizatuaren hitzordua eskatzeko epea hilaren 12an hasiko da, eta 15ean hasiko dira egiten, uztailaren lehenera arte. Epe hori bera izango dute errenta aitorpena Internetez (ZergaBidea) egiten dutenek ere. Autolikidazio proposamena onartzen ez dutenei hilaren 17tik aurrera zabalduko diete errenta mekanizaturako hitzordua eskatzeko epea.

Ogasunak 265 milioi euro itzultzea espero du errenta kanpaina honetan, eta jaso 256,5 milioi euro jasoko ditu. 8,5 milioi euroko saldo negatibo hori azken urteetako txikiena da —esaterako, 21,8 milioi izan ziren 2017an, eta 130 milioi 2014an—. Jabier Larrañaga Ogasun diputatuaren ustez, hobekuntza hori «ekonomiak duen bolada onaren adierazle da. Adierazle guztiek diote 2018a urte oso ona izan dela. Salmentetan hazkunde oso handiak izan ditugu, ia bi urte daramatzagu %7tik gora igotzen; enpleguan ere oso kopuru onak izan ditugu; eta baita soldatetan ere».

Kanpainako berritasunetako bat da oinarri likidagarri orokorrerako eskalaren deflaktazioa; hots, PFEZaren zatiei inflazioa aplikatzea, soldaten erosteko ahalmenari kalte ez egiteko. Kenkari berri bat ere izango da, «potentzial handiko enpresetan» dirua jartzen duten inbertitzaileentzat. Horrez gain, beste kenkari bat ere aldatu egin du ogasunak: 30 urtez azpiko gazteen alokairurako kenkaria %25etik %30era handituko baitu, eta haren gehieneko kopurua 2.000 eurotik 2.400era handitu. Eta, nola ez, errenta kanpaina honetan amatasun eta aitatasun laguntzak salbuetsita egongo dira.

Ekonomiaren ziklo ona beste bi xedetarako baliatu dutela ere azaldu du Larrañagak: batetik, Etorkizuna Eraikiz programako proiektuetan apustu egiten jarraitzeko; eta, bestetik, aldundiaren zorra urritzeko. Azken lau urteetan, zorra 125 milioi euro murriztu du erakundeak, 440 milioi euroraino.

Ondare zerga

Ondarearen gaineko zergaren berri ere eman du Larrañagak. Apirilaren 15etik uztailaren 1era zabalduko den aldian, ondarearen 7.800 aitorpen jasoko dituela aurreikusten du ogasunak, eta horiek, batez beste, 8.142 euro ordainduko dituztela. Bide horretatik, guztira 63,9 milioi euro bilduko ditu zerga erakundeak. 2017an jasotakoa baino hamar milioi euro gutxiago dira.

Larrañagak azaldu duenez, aurreko legealdiko aberastasunaren eta fortuna handien gaineko zergatik atzera ondare zergara itzultzeko erreformaren azken urratsa, ezkutu fiskala, ekitaldi honetan ezarri baita, atzera lehen aldiz. Legealdi haren azken urtean (2013an) baino 4,9 milioi euro gehiago bilduko dituztela azpimarratu zuen Ogasun diputatuak, galdera eginez ea merezi zuen «ibilbide hark, segurtasun falta hark».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Irune Lasa

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna