Kanadako Bombardier erosi du Alstomek, 6.200 milioi ingururen truke

Siemensen eta Alstomen bat egitea galarazi zuen Europako Batzordeak iaz. Trengintzako eragilerik handiena da orain Alstom, CRRCren atzetik

Bombardierren tren baten probak, konpainiaren probaleku batean. BOMBARDIER.
xabier martin
2020ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Kanadako Bombardierrek eta Frantziako Alstomek akordioa itxi dute lehena bigarrenaren jabetza izan dadin. Alstomi Txinako CRRC erraldoiarekin lehiatzeko neurri nahikoa emango dion salmenta 6.200 milioi ingururen truke egin dute, Kanadako prentsaren arabera; talde berriaren %18 CDPQ Quebeceko bankuarena izango da, Bombardierren hartzekodun nagusia. Izan ere, enpresaren egoera ekonomiko txarrak zerikusi handia du salmentarekin: 1.482 milioi euroren galerak izan ditu 2019an, eta «finantzak sendotzeko lanean» ari zen aspaldian.

Kanadako erraldoiaren egoera uste baino okerragoa litzateke, ordea, bere jarduera nagusiko dibisioa saldu baitu. Hala, Europako Batzordeak Alstom eta Siemens alemaniarra elkartzeko operazioa galarazi eta urtebetera, Frantziako konpainiak munduko bigarrena izatea lortu du —EBk onartzen badu—; CAFek ere kontuan hartu beharko duen lehiakide indartu bat, azken finean.

Ez da salerosketa horrek Euskal Herriko industriarekin duen lotura bakarra. Bombardierrek fabrika bat dauka Trapagaranen (Bizkaia), jarduera bizia duen lantegia. Bombardierren tren askoren propultsioa diseinatu eta ekoizten dute han jarduten duten 200 langileek. Bada, aurrerantzean Alstomen esku izango da lantegia.

Bombardierren gero iluna

Bombardierren jarduera nagusia trengintza da. Alor horretan enplegatzen ditu mundu zabalean 41.000 langile, baina aeronautikan ere apustu handia egin du azken urteetan. Beste 17.000 enplegatzen ditu sektore horretan. Hain zuzen, Bombardierrek iragarri du hegazkin komertzialen alorra ere utziko duela. Airbusi eta Quebeceko gobernuari salduko die Airbus Canada Limited konpainian duen parte hartzea. Konpainia horren %50 Airbusi saltzea izan zen Bombardierren C serieko hegazkinaren proiektua salbatzeko modu bakarra; euro baten truke sartu zen Airbus proiektuan, 2018an. Orain, berriz, ACLPren %75 izango du salmenta operazioa gauzatzen denean; hark ekoiztuko du Airbus A220 hegazkina, Bombardierren C seriea behar zuena. 550 milioi euro baino gehiago lortuko ditu modu horretan Bombardierrek.

Kontua da zor handiagoak zamatzen duela Bombardier, hegazkin komertzialaren proiektuan 8.300 milioi euroko inbertsioa egin baitu azken urteotan. Adituen ustez, likidezia arazo handia dauka Kanadako konpainiak, eta testuinguru horretan ulertu behar da saltzea hala hegazkinen negozioa nola trenena.

Zer geratuko zaion Bombardierri? Itxura batean, negozio hegazkina. Bombardier 1942an abiarazi zuen Joseph-Armand Bombardier mekanikariak. Elur-motorrak ekoiztu zituen trengintzan buru-belarri sartu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.