Aeronautikaren putzua handituz doa: Aciturrik 214 kaleratze egingo ditu

Lau fabrikaren lantaldetan kenduko ditu enpleguak. Arabako Berantevillakoan eta Miranda Ebrokoan dozenaka kaleratu espero dira

Aciturriko behargin bat lanean. ACITURRI.
xabier martin
2020ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Aeronautikan hegan doan gauza bakarra enplegua da azken hilabeteetan. Jakina zen Miranda Ebroko (Burgos, Espainia) Aciturri taldeak kaleratzeak egingo zituela, bai Aciturriren fabriketan baita Alestis Arabako bere adarrarenean ere. Herenegun jakinarazi zuten 87 direla Alestisen lana galtzeko bidean dauden beharginak, Miñaoko parke teknologikoko plantan, hain zuzen. Atzo, berriz, Aciturrik beste 214 kaleratze egingo dituela eman zuen ezagutzera Espainiako UGT sindikatuak. Kaleratze horiek lau fabrikatako lantaldetan egingo ditu, eta horietako bat Berantevilla da, Araban. Beste bat mugan dago, Miranda Ebron, eta, beraz, bien artean dozenaka kaleratu egongo direla aurreikus daiteke, euskal aeronautikari beste kolpe bat emanez. Gainontzeko kaleratzeak, 214 osatu arte, Espainiako beste bi lantegitan egingo ditu konpainiak, Madrilen (Tres Cantos) eta Valladoliden (Boecillo).

Airbus eta Boeing erraldoiek milaka kaleratze iragarri zituzten uda hasieran, sektoreak bizi duen krisi latza tarteko, eta, ondoren, domino efektu bat iritsi da: ITP, Aernnova, Aciturri, Alestis... Sektorea zulo beltz batean dago martxotik, koronabirusak hegazkinak lurrean utzi zituenetik. Aire konpainia ugari amildegiari begira daude, eta beste asko estatu laguntzei esker bizirik irauten, bidaiarien garraio kolektiboa suspertzen den arte. Gaur-gaurkoz, ez du ematen hori berehala gertatuko denik.

Bien bitartean, sektoreak Euskal Herrian duen azpiegitura uzkurtzen ari da astetik astera, eta euskal industriarentzat albiste oso txarra da hori, Hegan klusterreko enpresetako lanpostuak kalitatezkoak direlako, oro har, eta balio erantsi handiko jarduera delako aeronautika; susperraldia iristen denean merkatua txukuntzen lagundu dezakeen horietakoa da. Birus kutsakorrak turismoari lotutako enplegu kaskarra zigortu du aurren-aurrena, baina turismo hori gabe aire konpainientzat ez da samurra aurrera egitea, eta haien inbertsiorik gabe ez dago aeronautika industria sendorik. Ia dena dago lotua egungo ekonomian, baita hotel kate handi bateko gela garbitzaileprekarioaren enplegua eta aeronautika industriako ingeniariarena ere.

Negoziazioa, Madrilen

UGT sindikatuak erabat baztertzen du 214 kaleratze jasotzen dituen enplegua eteteko dosierra. Neurri traumatikoak saihestuko lituzketen alternatibak nahi ditu; hala esan diote zuzendaritzari kontsulta epeko lehen bileran. «Irteera negoziatuak» eskatu ditu Espainiako sindikatu horrek, eta azaldu du «unean uneko arazo bat» bizi duela aeronautikaren sektoreak, eta kualifikazio handiko enpleguei eusteko ahalegina egin behar duela Aciturri enpresak.

Alestisen kasuan gertatu den moduan, Aciturrik Madrilera eraman du erregulazioaren negoziazioa, euskal sindikatuak bazter utzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.