Europako Parlamentuak oniritzia emango dio 'brexit' osteko akordioari

Erresuma Batuko produktuen inportazioa %47 jaitsi da ituna indarrean sartu ondorengo lehen bi hilabeteetan; esportazioak %20 txikitu dira

Michel Barnier brexit-aren EBko negoziatzailea, Europako Parlamentuaren txaloak jasotzen, atzo, Bruselan. OLIVIER HOSSLET / EFE.
Iker Aranburu.
2021eko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Lau hilabete behar izan ditu Europako Legebiltzarrak Europako Batasunaren eta Erresuma Batuaren arteko merkataritza ituna onesteko. Elkarrekiko mesfidantza ez ezik, Irlanda iparraldeko bakearen hauskortasuna erakutsi duten lau hilabete. Atzo egin zuten bozketa eurodiputatuek, eta gaur goizean jakingo da emaitza; baiezkoak gehiengo zabala lortzea espero da, talde nagusiek itunaren aldeko botoa eskatu dutelako.

Eguberria ate joka zegoela lortu zuten brexit osteko egoera argitzeko akordioa Londresek eta Bruselak, negoziazio luze eta katramilatsu baten ondoren. Ituna behin-behinean sartu zen indarrean urtarrilaren 1ean, eta orduz gero argi geratu da Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak bere herritarrei agindutako trabarik gabeko merkataritza promesa hutsal bat zela. Muga zergarik eta kuotarik ez dago bi blokeen arteko produktuetan, baina bai bete beharreko burokrazia, eta horrek dakartzan kostu gehigarri batzuk.

Ondorioz, EBko enpresek Erresuma Batura bidalitako esportazioak %20,2 jaitsi dira. Are kolpe handiagoa jaso dute Erresuma Batuko esportatzaileek, %47 murriztu baitzaizkie salmentak. Galtzaile nagusiak elikagai freskoen esportatzaile britainiarrak dira, eta haien artean arraina eta itsaskiak Europan saltzen zituztenak, mugako igarobideak moteltzeak ekarri baitu beren merkatu nagusia galtzea. Deigarria da egoera, arrantzaleak eta haien inguruko industriako langileak, oro har, brexit-aren defendatzaile sutsuak izan zirelako.

Brexit-aren beste bultzatzaile batzuen egoera ere ahuldu da: Irlanda iparraldeko unionistena. Irlandarako protokoloak praktikoki merkatu bakarrean jarri ditu uharteko ipar-ekialdeko sei konderriak, eta merkataritza muga jarri du haien eta Britainia Handiaren artean. Hiru ondorio nagusi izan ditu horrek: protestak eta kale istiluak langile auzo loialistetan (unionista sutsuak), produktu britainiar batzuen eskasia dendetan, eta produktuen joan-etorri handiagoa bi Irlanden artean.

Kontrolerako deiak

Johnsonek Irlandarako protokoloaren zenbait atal ez betetzeko mehatxuak Europako Parlamentuko eztabaidaren zati handi bat bete zuen atzo. Parlamentari askok eskatu zioten Europako Batzordeari Londres estu hartzeko protokolo hori bete dezan.

Martxoan, Bruselak zigor prozedura bat ireki zuen Erresuma Batuaren aurka, Ipar Irlandako portuetan aduana kontrolik ez jartzeak protokoloa hausten duelakoan. Gatazka negoziazioen bitartez konpondu nahi dute bi aldeek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.