Aldanondok ez du ziurtatu Aguraingo planta errea berriro zabalduko duela

LAB sindikatuak jakinarazi du enpresak oraindik ez duela bermatu bideragarritasuna eta hamabost behargin lanik gabe geratuko direla

Aldanondo gaztandegi kiskaliaren irudi negargarria. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
xabier martin
2018ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Kea joan da, baina geroa ez da argi ikusten Agurainen (Araba). Aldanondo gaztandegi kiskaliak irudi iluna eskaintzen du joan den abuztuaren 13an su hartu zuenetik, eta han lan egiten zutenek kezka betean begiratzen diote enpresaren etorkizunari. Hamazazpi beharginentzako erregulazio dosierra aurkeztu du zuzendaritzak, eta, haien ordezkari sindikalei jakinarazi zietenez, atzo, urtebetez behintzat langabezian egon beharko dute. Ez dute osagarririk izango, langile batzordeak eskatu duen moduan. Hamazazpitik bik enpresatik joatea erabaki dute, eta, horrenbestez, hamabost geratu dira gaztandegia berriro noiz zabalduko den zain.

Baina hori ere ez da segurua, LAB sindikatuak salatu duenez. «Enpresako ordezkariekoraindik ez dute ziurtatu bideragarritasuna», esan zuen ohar batean. Telefonoaren beste aldean, ELAko ordezkari Enri Gomezek azaldu zion BERRIAri aseguru kontuetan daudela oraindik, baina «zabaltzeko asmoa» baduela enpresak. Ez dago bermerik, ordea. «Ez dakigu zer gertatuko den; aurrerago argituko digutela esan digute, aseguruen kontu guztiak kudeatzen dituztenean». Edonola ere, Gomezek ez daki ezer gazten ekoizpena Euskal Herritik kanpo eramateko aukeraz. «Fabrika leku berean zabaltzeko asmoa dago; hortik aurrera ikusiko dugu zer datorren».

Behin-behinekoak, kalera

Hil hasieran aurkeztutako erregulazioaren harira, bilera izan zuten alde biek, atzo, baina enpresako ordezkariak «paperik gabe» azaldu ziren, Enri Gomezen arabera. Dosierraren kontsulta epea amaitzear da, eta beharginek badakite urtebetean langabezia saria besterik ez dutela izango, bestelako osagarririk ematea baztertu baitu enpresak. «Oinarri eta konpromisorik gabeko promesak besterik ez dituzten bota», LAB sindikatuak dioenez. «Behin-behineko langile guztiak kaleratzeko asmoa argi eta garbi erakutsi dute, gainera».

27 behargin zeuden lanean Aldanondo fabrikan hura erre aurretik. Horietatik zazpi kalera joango lirateke, iturri sindikalen arabera, eta beste hamabost urtebeteko erregulazioan sartuko lirateke, «itzultzeko inolako bermerik gabe». Hori dela eta, Aguraingo udaletxearen aurrean manifestatuko dira, bihar, 10:00etan.

Joan den abuztuaren 13an piztu zen sua Aldanondoren plantan. Biltegian piztu zen, gazta egiteko moldeak eta hura biltzeko plastiko eta kartoiak gordetzen zituzten gunean, eta, ondorioz, oso azkar zabaldu zen sua eraikinean. Bi milioi gazta zeuden barruan.

Enpresako akziodun nagusiek diote jarduera berreskuratu nahi dutela, «ahal den den bezain laster». Saionak Aldanondoren %75 dauka, eta beste %25 gaztari izena ematen dio familiarena da. Orain bi urte enpresaren martxa zuzentzea lortu zuen zuzendaritzak, hainbat urtetan hemezortzi milioi euroko zorra pilatu ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.