DSBEaren eta soldata publikoen igoera onartuko du gaur Eusko Legebiltzarrak

Ez dago argi zer gertatuko den itunpeko eskolen finantzaketarekin. DSBEaren ekinaldi legegilearen alde mobilizatuko dira sustatzaileak

Aranburu eta Muñoa, atzo, DSBEaren herri ekinaldiaren eztabaida atzera bota izana salatzeko mobilizazioan. M. D. V. / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrean egun gorabeheratsua izango da gaurkoa. Azken asteetan polemika iturri izan diren hiru lege proposamen bozkatuko dituzte gaurko osoko bilkuran: DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren eta funtzio publikoko langileen soldataren igoerak, eta itunpeko ikastetxeen hitzarmena berritzeko proposamenak, hain zuzen. Lehen bi gaiek aurrera egingo dute, Elkarrekin Podemosen «abstentzio kritikoei» esker, eta PPk soldata publikoen igoerari baiezkoa emango dielako. Itunpeko ikastetxeen proposamenak aurrera egingo duen ikusteko dago oraindik, EH Bilduk eta PPk ez baitute garbi azaldu zer boto emango duen gaurko osoko bilkuran.

Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarreko bozeramaileak argitu zuen ez dutela «txeke zuririk emango». Hitz horiekin kritikatu zuen Elkarrekin Podemosen jarrera, ezer negoziatu gabe Jaurlaritzaren neurriek aurrera egitea ahalbidetuko duelako. Gobernuaren proposamena eskasegia dela gaineratu zuen Urruzunok, «Patxi Lopezen gobernuak hasitako murrizketen politika betikotzen baitu».

Koalizio independentistaren beste salaketa bat prozedurari dagokio. Hiru proposamenak irakurketa bakarrarekin tramitatu dira, zuzenketarik egiteko aukerarik gabe. «Bihar [gaur] autoritarismoa errealitate bihurtuko da».

Oposizioaren kritikak kritika, onartuko diren neurriek igoera ekonomiko hauek biltzen dituzte: soldata publikoak %2,25 igoko dizkiete Jaurlaritzako eta haren menpeko erakundeetako langile publikoei; DSBEa, berriz, %3,5 handituko da, eta %4,5 sari hori jasotzen duten pentsiodunen kasuan. Itunpeko ikastetxeei dagokienez, hogei milioi euro igo nahi du haien finantzaketa, hartara haien langileen soldata %2,25 handitu dadin. Alfonso Alonso PPko presidentearen ustez, «igoera horiek ez dira nahikoa, itunpeko ikastetxeen finantzaketak hamar urte daramatzalako izoztuta». Hala ere, eskuindarrek aldeko botoa emango dute.

DSBEaren alde, protesta

DSBEaren proposamenak aurrera egingo du gaur Eusko Legebiltzarrean, baina laguntza horren inguruko protestek Bilboko kaleetaraegin zuten salto atzo. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak deituta, ehunka lagun EAJren, PSEren eta PPren egoitzen aurretik igaro ziren. Horrela salatu zuten joan den astean hiru alderdi horien botoek eragotzi zutelaDSBEaren eta etxebizitza legea aldatzeko Gutunaren herri ekinaldi legegile bat eztabaidatzea.«Eztabaida bahitu» izana leporatu diete.

Mobilizazioa «demokrazia eza» salatzeko egin dutela esan zuen Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusi ondokoak. «Bete beharreko baldintza formal guztiak bete ditugu, baina legebiltzarrean eztabaidatzeko aukera ukatu zaigu; hori dela eta, eztabaidari ezetz esan diote, eta baita demokrazia parte hartzaileari ere».

Horregatik, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuneko eragileek mobilizatzen jarraituko dutela azaldu zuen Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak. «Eztabaida bahitu nahi izan dute, baina ez gaituzte isilaraziko». EAJri, PSEri eta PPri esan zien «behar gehien duten pertsonei bizkarra eman» dietela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.