AEBetako Senatuak boto nahikoa izango luke larrialdi egoera gelditzeko

Lau senatari errepublikanok esan dute babestuko dutela demokratek aurkeztutako ebazpena. Trump ebazpenari betoa jartzekotan da

Donald Trump AEBetako presidentea, astelehenean Etxe Zurian egindako prentsaurreko batean. MICHAEL REYNOLDS / EFE.
2019ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak gero eta arazo gehiago ditu berea egiteko: Senatuko lau errepublikanok adierazi dute Trumpek ezarritako larrialdi nazionala bukatzeko ebazpenaren alde bozkatuko dutela. Modu horretan, Senatuak presidenteak otsailaren 15ean hartutako neurria bertan behera uzteko nahikoa boto izango lituzke: demokraten 47 eta errepublikanoen lau; 51 boto, denera. Bi asteren buruan egingo da bozketa Senatuan. Ebazpena onartuko balute, Trumpek aukera bakarra izango luke larrialdi egoerari eusteko: AEBetako presidentea izateagatik daukan beto eskubidea erabiltzea.

Joan den asteazkenean onartu zuen AEBetako Ordezkarien Ganberak Donald Trumpek ezarritako larrialdi egoera bertan behera uzteko ebazpena —Alderdi Demokratako 245 ordezkarik alde bozkatu zuten, eta Alderdi Errepublikanoko 182k kontra eta hamahiruk alde—. Ebazpena onartuta, Senatuak izango du azken hitza, eta, orain arte hiru errepublikanok ebazpena babestuko zutela esan bazuten ere, laugarren bat ere alde agertu da: Rand Paul Kentuckyko senatari errepublikanoa. «Nire printzipioen arabera bozkatu behar dut. Uste dut presidentea oker dabilela, ez haren politikan, baizik eta presidente gisa dituen botereak muga konstituzionalen gainetik erabiltzeko asmoan», azaldu zuen Paulek iritzi artikulu batean, herenegun. Era berean, azpimarratu zuen «funtzionario zintzoa izateko modu bakarra» dela «printzipioak defendatzea, kontuan izan gabe zein dagoen boterean».

Larrialdi nazionalaren aurkako ebazpena onartuko dutela esan duten lau senatari errepublikanoek hala egingo balute, Trumpek betoa jarri ahal izango luke larrialdi egoerari eusteko, eta ziurtatu du hala egingo duela. Ondorioz, neurria Kongresuaren esku geldituko litzateke berriro ere, eta han botoen bi herenek larrialdi egoeraren aldekoak izan beharko lukete.

Etxe Zuriko maizterrak erabaki zuen larrialdi nazionala ezartzea Mexikoko mugan eraiki nahi duen harresirako dirua lortzeko: argudiatu zuen beharrezkoa zela herrialdearen hegoaldean duten «krisi humanitarioari» aurre egitea, «drogen» eta «pertsonen trafikoaren inbasioaren» ondorioak pairatzen ari direlako. Larrialdi nazionala ezarrita, Trumpek eskubidea dauka harresia eraikitzeko bideratuta ez dagoen diruaz baliatzeko, Kongresuaren onespenik gabe. Izan ere, Kongresuak ez zuen onartu Trumpek harresia eraikitzeko aurkeztutako aurrekontua. Presidenteak erabakiaren berri eman zuenean ere gogor kritikatu zuen Paul senatariak.

«Nagusikeria» aztergai

Demokratek Trumpen aurkako ikerketa bat jarri dute abian, Ordezkarien Ganberako batzar judizialaren bitartez. Helburua da presidentearen nagusikeria frogatzea. Horretarako, Jerrold Nadler batzarren buruak zenbait dokumentu eskatu dizkie 81 agentzia, pertsona eta beste erakunde batzuei —Etxe Zuriari eta FBIri barne—. Trumpek adierazi du «denbora guztian» kolaboratzen duela mundu guztiarekin, eta abian jarri den ikerketa «iruzur» bat baino ez dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.