Kutxabankek 137 milioi euro irabazi ditu, krisirako hornidurak handitu arren

Iazko lehen erdian %30 gehiago irabazi zuen bankuak. Ekainean, iaz baino mailegu gehiago eman zituen. BBVAk 1.157 milioi galdu ditu

Kutxabanken egoitza nagusia, Bilboko Kale Nagusian. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Iker Aranburu.
2020ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Koronabirusak gorriz tindatu ditu enpresa gehienen kontuak, baina ez guztienak. Irabaziei eutsi dieten gutxienetako bat Kutxabank da. Urteko lehen seihilekoan 137,6 milioi euro irabazi ditu. Horrek ez du esan nahi krisiak ez dionik kalterik egin: iazko tarte horretan 60 milioi gehiago irabazi zituen. Mozkinak %30 txikitzearen arrazoietako bat da askoz diru gehiago bideratu duela horniduretara, 187,3 milioi euro hain zuzen ere (+72 milioi, +%62). Diru hori baztertu du krisia hedatu ahala mailegu usteletan izan dezakeen kaltea konpentsatzeko.

«Negozioaren bilakaera erabat baldintzatu du COVID-19ak», azaldu du Kutxabankek, ohar batean.Ekonomiaren geldialdiak asko jaitsi ditu maileguen emaria eta bankuaren diru sarrerak, baina okerrena aurrerago etorriko zaion susmoa du, enpresen galerak eta langabeziaren handitzeak arazoak sor ditzaketelako maileguen ordainketan. Horregatik baztertu behar izan du orain diru gehiago. Edonola ere, orain arte ez du bezeroekin arazo handirik izan, maileguen berankortasuna beste 0,11 puntu jaitsi baitu aurten, %2,83raino.

Ekainean, itxialdia hasi eta egoerak nolabait normaltzera jo duenean, «berreskuratze zantzuak» ikusi ditu Kutxabankekjarduera komertzialean. Berez, handitu egin du maileguen eta beste finantza produktuen komertzializazioa: %9,91 handitu du hipoteken kontratazioa, %4,87 kontsumorako maileguena, eta %14,4 aseguruena. Elkargiren eta ICOren bermearekin enpresei inbertsiorako emandako maileguak %4,1 ugaritu dira iazkoaren aldean, eta funtsetan ere harpidetzak laukoiztu ditu. Hori bai, kontuan hartu behar da itxialdiak hainbat operazio atzeratu zituela, eta orduan egin gabekoak izan daitezkeela kontratazio horietako asko.

Europako Banku Zentralak ohartarazi du euroguneko bankuek arazoak izan ditzaketela hurrengo hilabeteetan, krisiaren ondorioetako batzuk aurrerantzean azaleratuko dira eta. Kutxabankek, ordea, lasai egoteko esan die bezeroei. «Kutxabankek oinarriko egoera oso sendoa du, eta krisialdiak sortutako eraginei erantzuteko ongi kokatua dagoela erakutsi du. Bere kaudimen egoerari dagokionez, pandemiak gogorren jo dituen alor ekonomikoekiko menpekotasun murritza du». Gogorarazi duenez, EBA Europako Banku Agintaritzak seigarren urtez jarraian izendatu du «[Espainiako] Estatuko kaudimen egoera onena duen bankua», eta The Banker aldizkariak ere goretsi du. Zehazki, %17,2ko Core Tier 1eko ratioa du.

BBVAn, galerak

Galera handiak iragarri ditu, berriz, Euskal Herrian egoitza ofiziala duen beste banku batek, BBVAk. Ekainera arte 1.157 milioi euro galdu ditu; besteak beste, 2.084 milioi euro jarri dituelako horniduretarako. Horiek gabe 928 milioi irabaziko zituzkeela nabarmendu du Onur Genç bankuko kontseilari ordezkariak. Kapitala sendotu du BBVAk, eta aktiboen %11,22 da orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.