Faes Farmak beste lantegi bat irekiko du Bizkaian, eta 200 langile hartuko ditu

150 milioi inbertituko ditu Derion eraikiko duen plantan. Produkzioa hirukoiztea espero du. Enpresak inoizko urterik onena izan zuen iaz

Enpresako bi langile, Leioako egoitzako laborategi batean. FAES FARMA.
jokin sagarzazu
2021eko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
COVID-19aren krisiak mesede egin dien bakarrenetakoa da farmazia industria, eta Euskal Herrian gorantz doa sektorea. Azken albistea euskal jatorria duen Faes Farmak eman zuen atzo: jakinarazi du 150 milioi euro inbertituko dituela lantegi berri batean, Derioko Parke Teknologikoan (Bizkaia). Erabaki horrekin jauzi handi bat eman nahi dukonpainiak. Besteak beste, berrehun lanpostu inguru sortuko dituela uste du, eta produkzioa hirukoiztuko duela. Egun, Leioako egoitza nagusian seiehun langile inguru ditu, lantalde osoaren erdia, horren barnean hartuta animalien elikaduraren arloan dituen negozioak: Ingaso Farmeta Tecnovit. Euskal Herrian beste laborategi bat du, Gasteizen. Nazioartean ere badu presentzia, filialen bidez.

Derioko lantegiko obrak aurten hasiko dituzte, eta 2024rako amaitu nahi dituzte. 60.000 metro koadro inguru izango ditu, eta 100 milioi sendagai unitate baino gehiago egiteko ahalmena izango du. Baliabide propioekin eta kanpo finantzaketarekin ordaindukodira lanak, enpresak besterik zehaztu gabe jakinarazi duenez. Lantegi horri esker, sendagai mota berriak produzitu ahal izango dituztela esan du, eta gaur egun hirugarrenei azpikontratatuak dizkieten ekoizpen batzuk integratzeko aukera emango diela. Horrekin batera, bere produktuen eraginkortasuna hobetzea eta kostuetan lehiakorragoak izatea espero dutela adierazi du. «Gihar industrial handiago horri esker, Faes Farma taldeak bere hedapen organikorako plan estrategikoa bete ahal izango du, sendagaien salmentak handituz, bai Espainian, bai nazioarteko merkatuetan», azpimarratu du komunikabideetara bidalitako oharrean.

Hazten ari den sektorea

Bizkaian erro sakonak dituen enpresa da Faes Farma. Duela 86 urte sortu zuten, eta bere urterik oparoenetan da. 2020an, 63 milioi euro irabazi zituen, irailera artean. Horiek dira orain arte jakinarazi dituen azken emaitzak. Urte amaierakoak inoizko onenak izango dira. Aurreko errekorra 2019an ezarri zuen , 64 milioi lortuta urte osoan, eta guztira, 357,4 milioi fakturatu zituen. Atzoko iragarpenaren ostean, konpainiaren akzioek %7 egin zuten gora.

Azken bost urteetan nabarmen hazi da farmaziaren sektorea. Inbertsioak bikoiztu egin dira, Eustaten datuen arabera. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako industrian duen pisua, baina, txikia da oraindik ere (%1,5). Gipuzkoan Viralgen da sektoreko enpresa nagusia. Urrian jakin zen Alemaniako Bayerrek erosi zuela. Horri esker, lantegi berria eraikitzen ari dira Donostiako Miramongo parke teknologikoan, eta 2022ko udaberrirako amaituta egotea espero dute. Hirurehun lanpostu sortzea aurreikusten dute. Enpresaren hazkundea izugarria da: pandemiaren aurretik, 70 langile zituen; gaur egun, 127; eta, bi urte barru, 500era iritsiko dira.

Viralgen COVID-19aren aurkako txertoetako batean ari da lanean. Massachusettseko General Brigham ospitaleak (MGB) eta Harvard Unibertsitateak garatukoan, hain zuzen ere. AEBetatik kanpo txerto hori produzituko duen enpresa bakarra izangoda.

Nafarroan, Cinfa da enpresa nagusia. Sendagai generikoen lehen ekoizlea da Iberiar penintsulan. Ollokin planta berri bat eraikitzeko egitasmo bat du martxan,eta horrekin produkzioa %30 handitzea aurreikusten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.