Gipuzkoan, gaurdanik ikusgai daude 226.000 autolikidazio proposamen

Internet bidezko errenta aitorpena indartuko du Gipuzkoako Foru Ogasunak, baina 11 bulego jarriko ditu aurrez aurreko arretarako

Gipuzkoako Ogasuneko arduradunak, atzo, Donostian. GIPUZKOAKO ALDUNDIA.
Iker Aranburu.
Donostia
2021eko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Ofizialki, apirilaren 12tik ekainaren 30 arte iraungo du aurten errenta zergaren kanpainak Gipuzkoan, baina, praktikan, gaur bertan hasiko da. Izan ere, foru ogasunak gaur argitaratuko ditu Interneten 226.000 zergapekoren autolikidazio proposamenak, eta gaur hasiko da postaz bidaltzen ere. Apirilaren 12tik aurrera esan beharko dute aitorpen hori onartzen ote duten ala beren kabuz egin nahi duten. Apirilaren 15ean, berriz, Zergabidearen bitartez online egiten den modalitatea hasiko da, eta egun bat geroago bulegoetan txanda hartu ahalko da. Bulegoek apirilaren 19an irekiko dituzte ateak, eta ekainaren 30ean amaituko da kanpaina.

Jokin Perona Gipuzkoako Ogasun diputatuak eta Irune Iarza zuzendariak atzo azaldu zutenez, iazkoa inoizko kanpainarik telematikoena izan zen, eta aurten digitalizazioaren aldeko bultzada horretan sakondu nahi dute. Horretarako, Zergabidea plataforma eratu dute; horren bitartez, zergadunek sarearen bitartez aurkez ditzakete aitorpenak, simulazioak egin, datuak kontsultatu, aitorpenak moldatu eta aldatu ... «Seguruenik, gaur-gaurkoz Ogasunak duen tresnarik ahaltsuena da Zergabidea, eta herritarren eskura dagoena, gainera. Argi dago etorkizuna dela», esan zuen Peronak.

Ezohiko kanpaina

Peronak aitortu du balitekeela ezohiko errenta kanpaina bat izatea, 2020ko errentak zergapetzen baititu. «Pandemiak nabarmen eragin zion jarduera ekonomikoari, eta laguntza eta neurri asko jarri ziren martxan. Honek, argi dago, nabarmen eragingo die kanpainaren nondik norakoei».

Zenbat diru mugituko den kalkulatu du Gipuzkoako Ogasunak: 292,1 milioi euro itzuliko ditu, eta 273,2 milioi euro jasoko. «Kanpainaren saldoa 18,9 milioi euro negatiboa da; joan den urtekoa baino 39 milioi euro txarragoa, batez ere pandemiaren eraginez», azaldu zuen diputatuak.

2020an, konfinamenduaren ondorioz, ogasunak ezin izan zuen aurrez aurreko arreta eman, eta Internet bidezko harremana izan zuen zergapekoekin. Orain, berriz, erronka da bide telematikoek orduan jaso zuten bultzadari jarraipena ematea. Aitorpen gehienak Internet bidez egingo direla iragarri du.

Zergabidearen bitartez etxean jaso den proposamena onar daiteke, autolikidazio proposamena aldatu eta bertatik aurkeztu, ogasunak zergadunari buruz duen zerga informazioa deskargatu, aurreko urteetako aitorpenak kontsultatu —edozein izanda ere aurkezpen modalitatea—, ordainketa moduak aukeratu, autolikidazio osagarriak aurkeztu, simulazioak egin... «Aukerak oso-oso zabalak dira».

Aurrez aurre ere bai

Edonola ere, Gipuzkoako Aldundiak emango du aitorpena aurrez aurre egiteko aukera. «Oraindik badaude zenbait kolektibo zerbitzu hori ezinbestekotzat dutenak; hau da, digitalizazioa bai, baina inor atzean utzi gabe».Bederatzi hiri eta herritan jarritako 11 bulego egongo dira irekita, eta 120 langile arituko dira lan arreta presentzialean. «Herritarrek asko baloratzen dute zerbitzu hori: 10etik 9ko balorazioa jaso ohi du asebetetze inkestetan. Kalitatezko zerbitzua da, pertsonal propioak ematen duena eta berme guztiak eskaintzen dituena».

Bide batez, Peronak dei egin zien herritarrei aitorpena euskaraz aurkeztera. «Zerga administrazioa prest dago; Internet zein telefono bidezko arreta prest dago euskaraz zerbitzua emateko. Ogasunaren helburua da 2023 urterako 100.000 zergadun izatea Gipuzkoako zerga administrazioarekin euskaraz aritzen direnak.

Araudian zenbait aldaketa izan direla gogorarazi du, bestalde,Irune Iarza ogasuneko zuzendariak, COVID-19ari lotutakoak. Horien artean daude aitorpena egiteko muga 12.000 eurotik 14.000ra igo dela, eta krisiari lotutako EAEko administrazioek eman dituzten laguntzak salbuetsita daudela zerga ordaintzeaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.