Onintza Enbeita.
BIRA

Zelan?

2020ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Aspaldi ikusi ez dugun jendearekin topo egitean zaila egiten zaigu elkarrizketa bat hastea, edo hasi nahi ez dugun elkarrizketa hori saihestea. Beti ezin duzu eskuko telefonoa atera eta hizketan bazeunde bezala joan kalean aurrera. Beti ezin duzu esan itxaroten dauzkazula edo TAOko ordua pasatu zaizula. Izaten dira bertan gelditzera derrigortzen gaituzten uneak, eta horrelakoetan, bakoitzak ahal duena egiten du. Badago, baina, irentsi ezin dudan zerbait: zelan nagoen galdetu eta erantzuna entzuten ez duen jendeak sutan jartzen nau. Askotan galdetzen diogu elkarri ea nola gauden. Ez naiz kalean, gehiagoko gabe, nire bizitza kontatu zale, baina galdetu didanari hiru edo lau gauza esateko ohitura badut: «martxoan mundua erori zitzaigun, baina orain bizitza itzultzen ari da eta lasaiago nago». Gauza gehiago ditut kontatzeko, baina neuk erabakiko dut nori kontatuko diodan nire izaretan gertatzen ari dena, edo zer izan den azken hiletan gehien falta izan dudana, edo familia nola daukadan, edo... Mila gauza daude konpromisoz esan daitezkeenak: «orain ere bazoaz korrika», «eguraldi ona dago gaur», «noiztik ez dugun elkar ikusi»... Baina norbaiti zelan dagoen galdetzen badiozue, izan dadila esateko daukana entzuteko. Bestela ez galdetu ezer: ez da ezer pasatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.