EIren azken gotorlekutik zibilen erdia baino gehiago ebakuatu dute SDFek

Koalizioak 3.220 lagun atera ditu Baghuzetik, eta erreskateekin gaur amaitzeko asmoa du. AEBen 200 soldadu geratuko dira Sirian

EIren azken gotorlekutik zibilen erdia baino gehiago ebakuatu dute SDFek.
ander perez zala
2019ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Estatu Islamikoaren (EI) azken gotorlekutik zibilak ebakuatzeko lanetan murgilduta daude Siriako Indar Demokratikoak (SDF). Muturreko talde sunitaren aurkako azken borroka hasi aurretik,SDFek gotorleku horretan dauden zibilak atera nahi dituzte, eta zeregin horretan jarri dute arreta aste honetan. Koalizioak jakinarazi zuenez, atzo hogei pertsona atera zituzten 40 bat kamionetatan, eta jada 3.220 inguru dira irten direnak —gainontzekoak asteartean eta asteazkenean atera zituzten—. Baghuz da EIren menpe dagoen azken hiria, Siria hego-ekialdean; zehazki, Deir ez-Zor eskualdearen ekialdean dago, Irakekiko mugatik hurbil.

Adnan Afrin SDFen bozeramaileetako batek atzo jakinarazi zuen oraindik 3.000 pertsona daudela Baghuzen; horietako 2.000 lirateke zibilak, eta gainontzekoak, jihadistak. «Ikusiko dugu han geratzen diren jihadistek zer nahiko duten. Bi aukera izango dituzte: gerra egitea ala amore ematea», adierazi zuen Afrinek; ordea, Ahmed al-Omar Ipar Demokratikoko Brigadetako eledunak asteon adierazi zuenez, gerta liteke jihadistek azken unean borrokatzeari uko egitea.

Borroka horri begira, SDFren beste eledun Mustafa Balik atzo goizean azaldu zuen haien asmoa dela ebakuazio lanekin gaur amaitzea, baina ez zegoela hori erabat ziurtatzeko modurik.

Baghuzen hasiko den borroka 2011n hasitako gerraren azkena izango da. Zortzi urteko epean ehunka mila pertsona hil dituzte, eta milioika lagunek lekualdatu behar izan dute. Ziurrenik, SDFren garaipenak azkartu egingo du Ameriketako Estatu Batuentropen erretiratzea.

Epe laburrerako

Iazko abenduan, Donald Trump AEBetako presidenteak adierazi zuen EI garaitu zutela, eta hori zela haien 2.000 soldaduak Sirian edukitzeko «arrazoi bakarra»; hau da, tropak Siriatik aterako zituela. Erabakiak ezustean hartu zituen SDFak, AEBen Siriako aliatu nagusia.

Atzo, ordea, Etxe Zuriaren bozeramaile Sarah Sandersek adierazi zuen 200 bat soldadu Sirian geratuko direla, «epe labur baterako». Trumpen erabakiarekin kritiko agertu dira hainbat ahots, tropen erretiratzeak babesik gabe utziko lituzkeelako Siriako kurduak, Turkiaren balizko eraso bati aurre egiteko. Horri begira, Etxe Zuriak ohar baten bidez jakinarazi zuen balizko «eremu seguru batez» eztabaidatu zutela Trumpek eta Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea. Ankarak nahi du eremu hori Siria iparraldean sortzea, eta haren kontrolpean egotea.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.