Pandemiak nabarmen kalte egin dio CAFi: %60 apaldu zaizkio irabaziak

Hamar milioi euroren mozkinak lortu ditu 2020. urtean. Inbertsio publikoen geldialdiak eragin zion urtearen lehen seihilekoan

xabier martin
2021eko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Koronabirusaren urteak modu nabarmenean eten du CAF konpainiak azken urteetan emaitzetan zeraman goranzko abiadura. Beasaingo trengileak esplikatu du pandemiak bete-betean jo duela sektorea iazko lehen seihilekoan, eta mantentze lanen esparruan ez dela normaltasuna berreskuratu oraindik ere. Hala ere, Gipuzkoako industria enpresarik handienak mozkinei eustea lortu du: hamar milioi euroko irabazi garbia izan du. %60 apaldu zaio azken kopurua, baina ikusirik 2020. urteak azpiegituretan izan duen inbertsio publikoaren geldialdia, ez da emaitza txarra, hasteko ez dagoelako gorriz marrazturik.

Gainera, CAFek badu zeri heldu adierazteko ez duela arrakastaren bidea galdu: 2.762 milioi euroko fakturazioa lortu du, 2019an baino baino %6 gehiago. Autobus elektrikoen Solaris adarrak jada fakturazioaren %26 ekartzen du, eta, Euromainten erosketaren ondorioz, mantentze lanen kontratuak ugaritu zaizkio.

Edonola ere, CAFen giharra eskaera poltsa da. 8.807 milioi euroren kontratuak ditu gauzatzeko zain; %6,7 jaitsi da zorro hori, baina aurreko urtean errekorra ezarri zuen. Eta oso kontuan hartu beharreko beste aldagai bat da eskaera zorroaren zifrak ez duela jaso Parisko RATPek egindako iragarpena; hau da, CAFek eta Bombardierrek osatutako partzuergoak hornituko dituztela 146 tren, eta lan horien balio osoa 2.560 milioi euro dela —%35 dagokio CAFi—. Alstomek Bombardier erosi du, eta iragarri du tren horiek ez dituela egingo. Oso haserre erantzun dio RATPk: auzitara eramango duela esan dio Alstomi, eta hurrengo lehiaketetatik kanpo utziko duela jarrera aldatzen ez badu. CAFek kontratuarekin jarraitu nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.