Sarrallek puntako teknologiako altzairutegi bat jarriko du AEBetan

Arcelor Mittalentzat eta Nippon Steel Corporationentzat egingo du lan, Alabaman. Kalitate handiko 1,5 milioi tona altzairu xafla ekoitziko ditu

Arcelor Mittalen altzairutegi bat, AEBetan. SARRAILLE.
Irune Lasa.
2021eko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Proiektuaren ezaugarriengatik eta tamainarengatik, taldearentzat mugarria izango den eskari bat lortu berri du Sarrallek, «aurrera jauzi handia». Azpeitiko taldeak azken belaunaldiko altzairuak ekoizteko siderurgia lantegi bat instalatuko du Mobilen (Alabama, AEB), osorik eta erabat berria. Arcelor Mittalentzat eta Nippon Steel Corporationentzat egingo du lan. Lantegia 2023. urteko lehen erdirako eraikiko da, eta kalitate handiko 1,5 milioi tona altzairu xafla ekoitziko ditu, gehienbat automobilgintzarako.

Sarrallek azaldu du munduko altzairutegi aurreratuenetako bat izango dela, «bai produktibitatean bai ingurumen inpaktuan». Asmoa da puntako teknologiak erabiltzea, «lantegi adimentsuagoa, automatizatuagoa, ekologikoagoa, efizienteagoa eta seguruagoa» egiteko.

Sarralleren beraren Blue Efficient Arc arku elektrikozko labe baten inguruan eraikiko dute lantegia, eta euskal taldeak hornituko du beharrezko beste osagarri ugariz ere: besteak beste, koilara-labe bikoitza; materialak manipulatzeko planta bat, operaziorako estazioak elikatzeko eta, besteak beste, aurrez erreduzitutako materialak labean sartzeko; Sarralleren beraren keak ateratzeko puntako sistema bat, eta sare elektrikoaren baldintzarik zorrotzenak betetzeko sistema bat.

Sarraillek kalkulatu du eraikuntza prozesuak 500 langile enplegatuko dituela. Behin irekita, 200 langile inguru izango ditu, eta beste ehunen bat beharko dira zeharkako lanetarako.

1965ean sortutako enpresa

Alabamakoa ez da izango industria ingeniaritzako enpresa gipuzkoarrak Arcelor Mittalentzat egiten duen lehen lana, harentzat 50 proiektu baino gehiago egin baititu azken 55 urteetan.

Sarrallek, siderometalurgian ez ezik, ingurumenaren eta energiaren sektoreetan ere jarduten du. 1965ean sortu zuten, eta Azpeitiko Landeta auzoan du egoitza eta lantegi nagusia. Beste lantegi bat du Zumaian (Gipuzkoa), bi Espainian (Madrilen eta Venta de Bañosen), beste bat Indian eta beste bat Mexikon. Gaur egun, 500 langiletik gora ditu. Aurreko astean aurkeztutako Hidrogenoaren Euskal Korridorean parte hartuko duten 76 enpresa eta erakundeetako bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.