Diazek dio urtea amaitu aurretik indargabetuko dutela PPren lan erreforma

Espainiako Lan ministroak azpimarratu du aldaketa nagusiak adostuak dituztela sindikatuekin eta patronalekin, eta horiek zehaztea falta dela

Yolanda Diaz Lan ministroa, Espainiako Kongresuan atzo eginiko agerraldian. FERNANDO ALVARADO / EFE.
jokin sagarzazu
2021eko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Gaur duela urtebete sinatu zuten PSOEk, Unidas Podemos-IUk eta EH Bilduk PPren lan erreforma «osorik indargabetzeko» akordioa. Espainiako Gobernuak talde subiranistaren babesa behar zuen alarma egoera bosgarrenez luzatu ahal izateko, eta modu horretan lortu zuen aurrera egitea. Baina akordioak hautsak harrotu zituen: Pedro Sanchezek bere dekretua aurrera atera bezain pronto, PSOEk ohar bat kaleratu zuen testuan jasotako hitz batzuk leunduz.

Ez da lehenengo aldia lan erreforma «indargabetzeko» asmoak arrakalak sortzen dituena Moncloako bi maizterren artean, gobernu akordioan jaso zuten arren. Abenduan bi urte beteko dira hori adostu zutela, eta urte amaierarako, hain justu, bete nahi du hitza alderdi moreko Yolanda Diaz Lan ministroak. Hala ziurtatu zuen atzo Kongresuan, EH Bilduko Oskar Matuteren galdera bati erantzunez: «Abenduaren amaierarako indargabetze lanak amaituta ez badaude, nik neuk men egin eta azalpenak emango ditut ganbera honetan».

Gobernuak esku artean duen gai nagusienetako bat da lan erreforma, pentsioekin batera. Atzo, Diazen hitzen ondoren, PPko diputatuek ez zuten aukera alferrik galdu gobernuko kideen arteko kontraesanetan sakontzeko. Azpimarratu zuten Diazek hitzemandakoa Nadia Calviño Ekonomia ministroak Bruselan hitzemandakoaren «kontrakoa» dela, eta bideo bat zabaldu zuten Diaz lan erreforma indargabetuko duela esaten ari zen bitartean Calviñok eginiko hasperena erakusten zuena.

Keinuak urduritasuna agertu edo ez, Calviñok berak Diazen oso antzeko hitzak erabili zituen maiatzaren hasieran, Espainiako Gobernuak Bruselara bidali duen suspertze planaren aurkezpenean, eta epeei buruz gauza bera esan zuen: urte amaierarako amaituko dituztela lanak.

Norabidea, zehaztuta

Gobernua Espainiako sindikatu eta patronal nagusiekin negoziatzen ari da, Elkarrizketa Sozialerako Mahaian, eta foro hori defendatu zuen Diazek atzo: «Uste dut demokrazia batean hori dela akordioak lortzeko bidea».

Orain arteko urrats eta adostasunek agerian utzi dute PPren araudia ez dutela osorik indargabetuko. Araudi horretan eta beste batzuetan aldaketak egingo dituzte, eta gobernuak Bruselara igorritako planean zehaztu du zein norabidetan: kontratuak sinplifikatu nahi ditu, negoziazio kolektiboa indartu, azpikontraten araudia aldatu, kontrataziorako hobariak berrikusi, eta enpleguan egonkortasun mekanismo bat abian jarri nahi du, aldi baterako erregulazioen esperientzia oinarri hartuta.

Atzo, horietako batzuk aipatu zituen Diazek, eta adierazi zuen aintzat hartuko zituela Matutek bere hitzartzean horiei buruz eginiko zehaztapenak. Honako hauek aipatu zituen EH Bildukoak: itunen aurrerako eragina mugarik gabe luzatzea eta estatalizazioa amaitzea, enpresa hitzarmenen lehentasuna indargabetzea, lan erreformaren aurreko kalte ordainak berreskuratzea, eta erregulazio espedienteak aplikatzeko orduan administrazioen aurretiazko baimenaren figura berreskuratzea. Diazek azken hori azpimarratu zuen bereziki: «Beharrezkoa da kaleratze oldeak eteteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.