Aske geratu da Frantzian bere erasotzailea hil zuen emakumea

2017an atxilotu zuten Valerie Bacot, bere bikotekidea hiltzeagatik. Defentsak argudiatu du ez zuela beste aukerarik

Valerie Bacot, artxiboko argazki batean. CHANGE.ORG.
arantxa elizegi egilegor
2021eko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Valerie Bacotek mende laurdenez jasan zituen lehenik ugazaita eta ondoren bikotekide izan zuen gizonaren erasoak, 12 urte zituenetik tiroz hil zuen arte. 2017an atxilotu zuen Frantziako Poliziak, Daniel Poletteren hilketagatik. Urtebete egin zuen espetxean Bacotek, eta behin-behinean aske utzi zuten. Astelehenean hasi zuten haren aurkako epaiketa, Chalon-sur-Saoneko epaitegian, eta atzo amaitu zen. Epaimahaiak errudun jo zuen, eta lau urteko kartzela zigorra ezarri zion, baina horietatik hiru bete beharrik gabe; horrez gain, tratamendu bat egin beharko du hiru urtez. Hala, eta aurrez behin-behineko espetxealdian urtebete egina duenez, aske eta lekukoen txalo artean irten ahal izan zen Bacot auzitegitik.

Fiskaltzak ere bost urteko kartzela zigorra eskatu zuen, baina horietatik espetxean bakarra igaro zezala galdeginez. Akusazioko abokatuak onartu zuen akusatua bere bikotekidearen «biktima» izan zela. Bezperako saioan deklaratu zuten psikologoek ere argi utzi zuten Bacotek ez zuela «senarra hiltzea beste aukerarik».

Polette ugazaita zuenean hasi ziren erasoak, Bacotek 12 urte zituela, eta ordutik etengabeak izan ziren. 17 urterekin haurdun geratu zen Bacot, eta amak etxetik bidali zuen. Hala, haurdun eta nora jo ez zekiela, ordura arte ugazaita izan zuenarekin joan zen bizitzera. Lau seme-alaba izan zituen Poletterekin, bortxaketen ondorio, eta azken urteetan prostituitzera behartu zuen. «Bacotek ez zuen hil behar izutzen zuen gizona, baina ez dugu ahaztu behar Daniel Polettek zer egin zion, eta hori kontuan hartu behar dugu zigor eskaria egiterakoan», adierazi zuen Eric Jallet fiskalak. Akusazioaren eskaria entzun zuenean, Bacotek konortea galdu zuen.

Erantzuleak

Azken urteetan Bacotek jasandakoa ekarri zuen gogora Janine Bonaggiunta defentsako abokatuak,eta nabarmendu beste batzuk zirela gertatutakoaren erantzuleak: «Bacotek ez zukeen hemen egon behar; hark [Polettek] egon behar zukeen; hura zen bortxatzailea, hura proxeneta. Hari lagundu zioten guztiek ere hemen egon beharko zuketen: Bacoten gurasoek, instituzioek».

Bonaggiuntak gogora ekarri zuen Polettek urtebete egin zuela etxetik kanpo sexu eraso batengatik zigortu zutenean. «Baina aske geratu zenean otsoa artegira itzuli zen, eta guztia berriz hasi zen». Amak etxetik bidali zuenean, Poletterekin bizitzera joan zen Bacot, baina erasoak ez ziren eten. «Komunean ezkutatzen zen, haurrek ikusi ez zezaten. Ezin zuen ezer egin, beldur zen salaketa jartzen bazuen zer gerta zitekeen», gaitzetsi zuen abokatuak.

Bacotek hasieratik aitortu zuen Polette hil izana, baita azaldu ere hark alaba bortxatuko zuen beldur zelako egin ziola tiro. «Ez zuen bere buruaren defentsan egin; ez zukeen inoiz halakorik egingo beragatik, baina bai alabarengatik: hura babestearren egin zuen. Ez zen ohartu Polette hil zuenik gorpua ikusi zuen arte», azaldu zuen Bonaggiuntak. Abokatuaren esanetan, hainbat herrialdetan emakumeek tratu txarrak jasan dituztela frogatzen denean ez dute egun bakar bat ere igarotzen espetxean: «Guk ere aurrera egin beharko genuke».

Bacot errugabe jotzeko eskatu zuen Nathalie Tomasini abokatuak ere, eta aurrekari bat ezartzeko eskatu zion epaimahaiari: «Epai honek bidea zabaldu behar die Bacoten antzeko egoeran dauden emakumeei. Aurrera egin behar dugu».

Auzi saioaren amaieran, akusatuak berak hartu zuen hitza, eta barkamena eskatu zien bai bere seme-alabei, baita Poletteren senideei ere, eta esan zuen «aurrera egin ahal izatea» zela bere helburu bakarra, «gertatutako guztia gainditzeko».

Jacqueline Sauvagerenaren antzekoa da Bacoten kasua. Tomasini eta Bonaggiunta izan ziren Sauvageren abokatuak ere. Emakumeari hamar urteko kartzela zigorra ezarri zioten bere senarra hiltzeagatik. Bacoten kasuan bezala, Sauvagek ere tratu txarrak jasaten zituen. 2016an Frantziako presidenteak indultua eman zion, eta genero indarkeriaren aurkako ikur bilakatu zuen. «Justizia sistema motelegia da, eta toleranteegia tratu txarrak eragiten dituztenekin. Egoera hori da emakumeak beren erasotzaileak hiltzera bultzatzen dituena», azaldu zuen Bonaggiuntak, AFP agentziari eskainitako elkarrizketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.