Kalea militarizatzeak ez du eragotzi El Salvadorren hilketa gehiago egotea

Azken egunetan, 80 pertsonatik gora hil dituzte. Salbuespen egoera ezarri dute. Bukele presidenteak jopuntuan jarri ditu bandetako buruak

El Salvadorko armadako bi soldadu, herenegun, San Salvador hiriburuko kontrol postu batean. RODRIGO SURA / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
El Salvadorren hamalau pertsona hil zituzten ostiralean, eta 62 larunbatean. Hori ikusita, Nayib Bukele presidenteak eskatu zuen herrialdean salbuespen egoera ezartzeko. Parlamentuak eskaera onartu zuen herenegun goizean, eta, hortaz, gobernuak kalea militarizatu ahal izan du. Horrek ez zuen eragotzi, ordea, joan den igandean bertan beste 11 pertsona hiltzea. Agintariek bandei egotzi diete indarkeria uholdea. Poliziak emandako datuen arabera, 576 pertsona atxilotu dituzte azken egunetan.

Salbuespen egoera 30 egunez egongo da indarrean —luzatu egin daiteke—. Epe horretan, atxilotze administratiboak hamabost egunekoak izan daitezke, eta atxilotuei defentsarako eskubidea ukatzen zaie. Bukelek mezu bat helarazi nahi izan die bandei: «Ia 600 atxilotu bi egunetan bakarrik... Eta salbuespen egoerak 30 egun irauten du, eta luza daiteke! Ez pentsa aske aterako zaretenik», ohartarazi zien presidenteak bandetako kideei Twitterren, igande gauean. Herrialdeko kartzeletako zuzendari Osiris Lunari eskatu zion, gainera, horietan «larrialdi gorena» ezartzeko, horrek modua ematen baitie ziega guztiak 24 orduz itxita edukitzeko. «Bandentzako mezua: zeuen ekintzengatik, zeuen homeboy-ek [kideek] ezingo dute eguzki izpi bat ere ikusi», nabarmendu zuen Bukelek.

Presidentearen hitzetan, argitu nahi dute zer gertatzen den kalean. La Prensa Gráfica egunkariak Poliziaren iturri anonimo bat aipatuz kaleratutako informazioaren arabera, asteburuko hildakoen artean «ausaz» aukeratutako biktimak daude. «Kalean zuloak egiten ari zen pertsona bat, fruta saltzaile bat, okin bat, tailer bateko bezero bat...». Iturri horren esanetan, horrela bandek «mezu argi bat» bidali nahi diote gobernuari. «Bandek zerbait nahi dute, eta gobernuak ez die eman».

Hain zuzen, AEBetako Altxorraren Departamentuak Luna kartzelen zuzendaria zigortu zuen joan den abenduan, ondokoak leporatu baitzizkioten: bilera sekretu batzuk antolatu zituela, horiei bide eman ziela, eta bilkuretan parte hartu zutela espetxeratuta dauden bandetako buruek. Washingtonek orduan adierazi zuenez, El Salvadorko Gobernua ahaleginak egiten ari da banden liderrekin «sekretupeko su-eten bat» negoziatzeko.

Banden arteko akordioa

Hilketak, hain justu, Bukelek hauspotutako Lurraldearen Kontrolerako Planak lehenetsitako eremuetan gertatu dira. 2019ko ekainetik dago agintean, eta plana onartzea izan zen haren aurreneko eginkizunetako bat. Horretarako ehun milioi euro inguru jartzea onartu zuen parlamentuak iazko maiatzean.

Presidentearen iritziz, plan horrek ongi funtzionatzen duelako egin du behera azken urteotan bandek eragindako hilketa kopuruak: datu ofizialek diote 2015ean hogei hilketa izaten zirela egunero, batez beste; eta, asteburuko uholdera arte, berriz, batez beste lau pertsona hiltzen zituzten egunero. El Faro egunkariak kaleratutako informazioaren arabera, ordea, MS-13, Barrio 18 Sureños eta Barrio Revolucionaciones bandek akordio bat lortu izanak eragin du beherakada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.