Libano

NBEk utzi egin dio Libanoko errefuxiatu palestinarrei laguntza emateari

Junud al-Xam talde armatuaren eta Al-Fatahren arteko liskarren ondorioz hartu du erabakia UNRWAk. 400.000 iheslari inguru bizi dira Libanon

Familia palestinar bat, Sidongo (Libano) errefuxiatuen kanpalekutik alde egiten, hil honen hasieran. WAEL HAMZEH / EFE.
Mikel O. Iribar.
2023ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Talde armatuen arteko borrokak nabarmen ugaritu dira azken hilabeteotan Libanon dagoen errefuxiatu palestinarren kanpalekurik handienean, Ein el-Hilwehn; talde horiek lau ikastetxe eta beste zenbait eraikin okupatu dituzte, besteak beste. Bada, UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak salatu du agentziaren azpiegiturek kalte material ugari izan dituztela liskar horien ondorioz, eta, protesta modura, errefuxiatuei laguntza bidaltzeko jarduna eten duela jakinarazi zuen atzo. 1948an, Israel sortzean, etxea indarrez utzi behar izan zuten 63.000 palestinar eta haien ondorengoak bizi dira han, hala moduz.

Uztail amaieran, Ein el-Hilwehko kanpalekuan, Junud al-Xam talde armatuko kide bat Al-Fatah Palestina Askatzeko Erakunde Nagusiko buruzagi Mahmoud Khalil hiltzen saiatu zen, ehunka pertsona desplazatzera behartzeraino. Eraso horretan, bala batek larri zauritu zuen Al-Fatahko komandante Abu Axraf al-Armoutxi, eta hil egin zen, baita haren albokoa ere. Azken borroken ondorioz, orotara Al-Fatahko hiru kide eta Junud al-Xamgo bat hil ziren, baita 40 lagun baino gehiago zauritu ere —haurrak barne—.

UNRWA kezkatuta azaldu da azkenaldian izan diren liskarrekin, eta NBE Nazio Batuen Erakundeko agentziako zuzendari Dorothee Klausek atzo esan zuen erakundeak ez dituela onartzen bere instalazioetan «bortxaezintasuna eta neutraltasuna urratzen dituzten ekintzak». Egoera horren ondorioz, erakundeak salatu du ez dela posible izango kanpamentuko ikastetxeak 3.200 umerentzat eskuragarri egotea ikasturte hasierarako.

Horiek hala, UNRWAk dei egin zien eragile armatuei okupaturiko azpiegiturak berehala utz ditzaten, «Palestinako errefuxiatuei hain beharrezkoa duten laguntza oztoporik gabe emateko». 400.000 errefuxiatu inguru bizi dira egun Libanon dauden hamabi kanpalekuetan.

Libanoren mehatxua

1949az geroztik, UNRWAk giza laguntza ematen die milaka errefuxiatu palestinarri, Israelek okupaturiko Zisjordaniako eta Gazako lurraldeetan, Jordanian, Sirian eta Libanon; hala nola janaria, lehen mailako osasun arreta, eta haurrentzako eskolako materiala.

Beiruten eta Palestina Askatzeko Erakundearen arteko 1969ko akordio baten ondoren, Libanoko armada, hein batean, ez da errefuxiatu esparruetan sartzen, baina, hil honen hasieran, herrialdeko armada Ein el-Hilwehra bidaltzeko mehatxua egin zuen Libanoko behin-behineko lehen ministro Najib Mikatik, aldeek borrokekin segituz gero. Gobernuak kaleratutako ohar baten arabera, liskarrek «Libanoren subiranotasuna nabarmen urratzen» dute, eta erantsi zuen «onartezina» dela taldeek «libanoarrak izutzea, batez ere hegoaldeko herritarrak, urte askoan palestinarrak babestu baitituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.